Portada del sitio > Documentos > Henry D. Thoreau-ren "Desobedientzia Zibila" 1go argitalpena, 1849, Markos (...)

Desobedientzia Zibila

Henry D. Thoreau-ren "Desobedientzia Zibila" 1go argitalpena, 1849, Markos Zapiain-en "Thoreauren inguruan" (sarrera) eta "Civil Disobedience" (ingelesaz), 2gn argitalpena, 1866

Miércoles 22 de diciembre de 2010, por Redacción

Henry David Thoreau (1817-1862) Ameriketako Estatu Batuetako idazleak ez zuen inoiz kargu politikorik izan, ez zen ezkondu eta ez zuen haurrik sortu. Eta, halere, Historia aldatu zuen. Haren bizitzako gertaerarik garrantzitsuenak bi izan ziren: ekintza xume bat —Basoan etxola batera bizitzera joan zen bi urtez— eta ez-ekintza bat —zergak ordaintzeari uko egin zion (kartzelan sartu zuten, egun batez). Baina etxolan idatzitako Walden liburuarekin gaurko ekologismoaren aitzindaria bihurtu zen. Kartzelako esperientziatik abiatuta, berriz, Desobedientzia Zibila maisulana idatzi zuen. Testu horretatik atera zuen Gandhik Indiaren independentziarako bere mugimenduaren izena. Hortik atera zuen Martin Luther Kingek indarkeriarik gabeko erresistentziaren ideia. Pertsona gutxik eragin dute horrenbeste hain gutxirekin. Thoreauk berak honela laburbiltzen zuen: "Bizitzan asko bidaiatu naiz ... nire herriaren barruan" (Thoreauren etxola

- "DESOBEDIENTZIA ZIBILA", Henry D. Thoreau

Markos Zapiain [1], Thoreauren inguruan

Luisma Urkizari

Deleuzek zioenez, Ameriketako Estatu Batuek (AEB) nazio-gatazkak immigratze unibertsalaren bidez konpondu zituzten (Marxen ustez proletarizatze unibertsalak klase-desberdintasunak gaindituko zituen bezalaxe). AEBetako hiritar ugari europar iraganera begira bizi da, Las Vegasen Koliseoaren eta Partenoiaren kopiak dituzte. Aldiz, Thoreauk azpimarratu zuen AEBek badutela iragana, europarra baino miresgarriagoa: indiarrak. New Yorketik Mendebaldera begiratu beharrean, Paris, Erroma eta Atenasera, hobe Ekialdera jo, indiarren lurraldeetara. Hauen kultura benetakoagoa zitzaion gurea baino, lurrean eta haizean sustraituagoa. Jarri zibilizatua eta jarri indiarra, basamortuan edo oihanean, zein orientatuko ote den hobeki. Elikadura osasuntsuagoa zuten, kolesterolik ez. Ausarkiago egiten zioten aurre oinazeari.

AEB zibilizatua indiarren genozidioaren gainean eraiki zen, eta Thoreauk ez zuen inoiz ahaztu, bere garaian inork aintzat hartzen ez zuen arren. AEBetako etorkin zuriek aspaldi akabatu zituzten indiarrak. Baina gaur egun oraindik ezikusia egiten diote haien edozein aztarna eta oroitzapeni. Michel Onfrayk idatzi du ederkien Thoreauri buruz, berari ostu dizkiot aitzinsolas honetako ideia guztiak. Onfrayk kontatu du badela New Yorken mundu osoko arte indigena jasotzen duen museo erraldoi bikain bat, Metropolitan Museum delakoa, bost kontinenteetako edozein bazterretako obrak aurki ditzakezu bertan, baina ez daukate Ipar Amerikako indiarren pieza bakar bat ere.

Era berean, europarrok nekez sartzen dugu amerikarren bat Filosofiaren Historian. Thoreau, gehienez ere, literaturgile gisa dugu ezagun (Albert Sánchez-Piñolen iturri nagusietako bat da, indiarretik franko zuten Kafka eta Henry Miller-ekin batera). Are eskandalagarriago, Thoreau filosofoak nahiago ditu indiarra, egurgilea eta brahmana, pizgarriagoak baitziazkio bizimodu libre bat asmatzeko orduan, Platon, San Agustin eta Kant baino (inoiz ez ditu aipatzen).

Thoreauk ez zuen natura bere bulegoan eserita goraipatzen; aitzitik, harreman fisiko ezin hurbilagoa zeukan harekin: hegal galduaren edo belar izpiaren xehetasunak aztertzen zituen, oihaneko aldaketak neurtu eta idatziz jaso, zuhaitzera igo habia begiratzera… Naturak irakasgai ugari dauzka gordean; gozatu egiten zuen Thoreauk gordeleku horietan barneratzen, eta sekretu horiek gidari hartuta saiatu zen bere bizimodu filosofiko librea asmatzen.

Ezinezkoa zitzaion ordea nortasun eta bizimodu libre hori zibilizazio industrialean gauzatzea. Umearengan naturaren presentzia eta kulturaren absentzia maite zuen. Natura kontrakultura gisa erabili zuen. Natura ezeztatuz eraiki baitugu gure zibilizazioa, bietako batera hurbiltzeak bestetik urrutiratzea dakar. Edonola ere, soilik naturak senda gaitzake kulturatik. Gure kulturak makina motordun bilakarazi gaitu, dirua dugu errege, ezertarako balio ez duten trasteak erosteko grinak itsutzen gaitu, borondatez onartzen dugu bizimodu esklaboa (ordutegi zitalak, besteak beste), gure arteko harremanak penagarriak dira, ametsik gabeko bizimodu zekena eta etsipen otzana dira nagusi. Thoreauk ez du etsiko, eta naturarekin bat eginda sortutako bizitza bikain baten bila ibiliko da.

Thoreaurentzat, Indarkeriarik gabeko 500 ekintza liburuko hitzaurrean Mabel Cañadak idatzi duenaren aurka, ez gara libre sorkuraz, askatasuna ez dagokigu berez, asmatu beharra dago, sortu. Nork bere moduan: Thoreauren jarraitzaile izatea ez da basoan txabola eraiki eta bertan bakartzea, egunero lau orduko ibilaldia eta aintzira izoztuko bainua errepikatzea, baizik nork bere ahalmenak eta askatasuna ahal bezain sakonki eta ederki mamitzeko moduko bizimodua bilatzea, inertzia gorabehera, normaltzat jotzen dena eta bestek zugandik espero duena gorabehera.

Bizitza

David Henry Thoreau 1817ko uztailaren 17an jaio zen, Concorden, Bostondik iparralderantz, Kanadako mugatik hurbil. 2.000 biztanle zituen orduan. Oihan, muino, arboladi, erreka eta aintzirek inguratzen dute herrixka, natura zoragarriak. Thoreauren haurtzaroa txango, ibilaldi, kanoa, belar biltze eta bainuek edertu zuten. Txabolak eraiki, zuhaitzetara igo, behin zuhaitz puntan zango artetik mundua nola ageri den begiratu, arrantza…

Haurtzaroko askatasun hori iraunarazi nahia nabari da Thoreauren filosofian, baserri giroko ume askok sentitu izan duten oztopo gabezia eta libertate basatia du Thoreau helduak ere helburu. Helduaroan ere bere gisa bizi nahiko baitu, helduen mundu modernoa mespretxatu eta gorrotatu egingo du.

Bere bizialdi ia osoan misantropo gogorra izan zen. Guraso filantropoak zituen haatik, abolizionistak, etxean militanteak ez ezik esklabo iheslariak ere hartzen zituztenak. Kanadan debeku zen esklabotza eta iheslariek AEBetatik Kanadara jotzen zuten. Bidean, abolizionista batzuek lagundu egiten zieten, etxean ezkutatuz, jaten emanez… Thoreauk ez zuen gogoko gurasoen etxean horrenbeste jende ibiltzea atzera eta aurrera. Abegikortasuna kritikatu egin zuen, bere betixutasuna azpimarratu.

Ikasketei dagokienez, txikitandik atera zituen nota bikainak. Oso gazte hasi zen grekeratik eta latinetik ingelesera itzultzen. Hala ere, maiz egiten zuen eskolatik piper anaia Johnekin, eta mendira joaten ziren benetan ikastera. Gero, lau urte eman zituen Harvardeko unibertsitate ospetsuan, eta hogei urte zeuzkala ikasketa-amaierako hitzaldia idatzi zuen: Garai modernoetako espiritu komertziala eta bere eragina nazio baten izaera politiko, moral eta literarioaren gain. Bertan aurki daitezke bere gai nagusi batzuk: espiritu komertzialarenganako gorrotoa, dirua jainkotzearen eta mekanizazioaren kritika eta idolo moderno horien aurkako erresistentziaren goraipatzea.

Thoreau “David Henry” bataiatu zuten, baina berak ordena aldatu eta “Henry David” bilakarazi zuen. Ez zuen jasotako deus bere horretan onartu nahi, izena bezala bizitza ere berak aukeratua eta asmatua nahi izan zuen. Oso gazte zela ekin zion “Egunkari” bat idazteari. 20 urte geroago amaituko zuen: 14 liburuki. Bertan oharrak jaso zituen, hitzaldien zirriborroak, liburuen iruzkinak, aldarte-aldaketak eta sentimenduak, gogoetak, belar biltzeak… (Thoreau beti zebilen belarra biltzen, txapelapean zeraman, mikroskopioz aztertzen zuen.) Dena den, Thoreaurentzat idaztearen funtsezko xedea bere burua hobeki ezagutzea eta horrenbestez libreago bizitzea zen, liburua eratzeaz batera bere burua ere egituratzea.

Maisu jarri zen Concordeko eskola publikoan, baina ez zituen ikasleen aurkako zigor fisikoak onartu eta dimisioa eman zuen. Hurrengo urtean eskola bat ireki zuen anaiarekin batera, eta pedagogia naturazale libertario bat erabili zuten: mendira irteerak goizalban; belarra, zuhaitzak, errekak eta animaliak ezagutu eta aztertu, ilunabarra gozatu; zigor fisikorik ez… Ikasleek esku hartze aktiboa zuten zigorgintzan eta diziplina-prozesuan.

1839an anaiarekin kanoan ibiltzera abiatu zen aste beterako, Merrimack ibaian barrena. Liburu txiki polit batean jasoko zuen gerora egun haien berri.

Anaia hil ondoren, ordurako laguntzen hasia zitzaion Emerson filosofo transzendentalista ospetsuak New Yorkera bidali zuen Thoreau, haren ilobaren tutore; literatur munduan izen bat egitera ere bultzatu zuen. Zortzi hilabete eman zituen New Yorken. Behin Concordera itzulitakoan, aurkakotasun teoriko garbi bat ezarri zuen: New York zibilizazioa da, lilura faltsua eta itxurakeria, aurrerapen teknologikoaren erlijioa, bankaria, sal-eroslea eta kazetaria, hitzontzikeria; aldiz, Concord natura da, benetakotasuna, bizimodu filosofiko eta jakintsua, indiarra, egurgilea eta nekazaria, isiltasun argia.

Txabola eta espetxea

Thoreauren bizitza osotik bi gertaera iritsi zaizkigu oroz lehen, bi ekintza nabarmendu izan dira: batetik, bere eskuez txabola txiki bat eraiki zuela basoko txoko batean, Walden aintziraren aldamenean, eta bertan bakartuta bizi izan zela. Bestetik, zergak ordaintzeari uko egiteagatik espetxeratu zutela. Kartzelaldi hau dugu hain zuzen Desobedientzia zibila testuaren sorburu.

1845ean ekin zion Thoreauk, Emerson filosofoaren lur eremu batean, Walden lakuaren ertzean, txabola bat eraikitzeari. Txabola aintzira ondoan ez zuen jaso soilik praktikotasunari begira. Thoreauren haurtzaroan gurasoek maiz aldatzen zuten bizilekuz. Behin batean, Thoreauk lauzpabost urte zeuzkala, Bostondik Concordera joan ziren. Baso-zelaiak zeharkatu zituzten, Walden aintzira ingurukoak. Liluratuta gelditu zen Thoreau umea. Bestalde, amonaren lorategitik erreka bat abiatzen zen, Merrimack ibaira zihoana, eta Merrimack horrek inguruko lakuak ureztatzen ditu, Walden barne. Hain zuzen, anaia hil berriarekin Merrimack eta inguruko ibaietan egin zituen kanoa-txangoak. Alegia, txoko hura toki zehatz bat ez ezik Thoreauren ume-ametsetako paisaia zoragarria ere bazen. Proustek biziki gustuko zituen Thoreauren obra eta jarrera.

Thoreauk Walden aintzira hondorik gabe irudikatzen du, ur sarrera eta irteera barik, mitologiko, betiereko. Bekatuak garbitzeko ura omen du. “Egunkaria”n aintziraren kolore mugagabeen aldaketa eta ñabardurak jaso zituen, baita ur-mailaren igoera-jaitsierak, piztiaren arnasaldiak bailiran. Thoreau egunero-egunero bainatzen zen bertan, nahiz ikaragarri hotza izaten den maiz. Jelatuta zegoenean etzan egiten zen biluzik izotz-plakaren gainean. Psikoanalista batzuek amaren altzora itzuli nahi amorratua sumatu dute ohitura horretan.

Txabola txikia zen: 3 bider 4,5 metro, 13 metro koadro. Altzari soil batzuk zeuzkan eta tximinia; kanpoan baratzea.

Walden edo bizitza basatiaz liburuak eragin handia izan zuen hippiengan. 80ko hamarraldian hondarribiar bat baino gehiago bakartu zen Jaizkibel inguruan Thoreau eredu. Baina Thoreauren bakarraldia idealizatu eta esajeratu egin da. Azken batean, 1845eko uztailaren 4tik (AEBen Independentzia eguna) 1847ko iraila arte baino ez zen bizi izan bertan, 26 hilabetez. Gainera, bi egunean behin Concordera joaten zen, filosofo transzendentalisten bileretara, amatxok prestaturiko anoaren bila…; eta txabolan nekazariak hartzen zituen, baso-mutilak, filosofoak, bidaiariak, esklabo iheslariak… Hori bai, ez zituen hiru aulki baizik, egundo ez zuen taldea eta jendetza gustuko izan. Lagunen bisita atsegin zuen, baina atseginago bisita eza.

Thoreauk, bere bizitza goitik behera jasotzen duten 14 liburukietan, ez zuen inoiz maitemindu zenik jasotzen, ia ez da emakumerik ageri, ama bera ere ez. Aldiz, sentimendu ilun bat erakusten du, gizonik miserableena izateagatik errua, baina sekretua sekula ez dela argituko abisatuz... Zenbait berezilarik masturbatzaile porrokatu izateari egotzi dio aldarte goibel hori. Oihartzunaz ere behin baino gehiagotan mintzo da: horrek ere masturbatzaile zoro izan zela erakutsiko omen luke, azken batean bai oihartzunean eta bai onanismoan ez baitzara zure mugetatik irteten, ez diozu gorputza edo ahotsa besteri eskaintzen, harreman osoa gelditzen da norberarenean.

Maitasunezko laudorio bat ez emakume bati baizik eta bigantxa bati egin zion Thoreauk, biziki sakona, biziki hunkitu eta erotikoa. Hain zuzen, Thoreau “taureau” da, “toro”, zezen; lacaniano batzuen ustez, gure izenak, izenaren esanahiak, gure joerak baldintzatzen ditu, oharkabean bada ere: ezinbestez maitemindu behar, zezenak bigantxaz.

Espetxealdiari dagokionez, gau bakarra eman zuen barruan. Waldenen bizi zela, 1846an, Concordeko zapatagilearengana zihoala poliziak geldiarazi eta espetxeratu zuen, ez baitzuen ordaintzen gobernuak esklabotzari eusteko eta Mexikoren aurkako gerra elikatzeko erabiltzen zuen bere zergen zatia.

Ezaguna zuen kartzelaria: fidantza ordaindu nahi izan zion berehala, baina Thoreauk ez zion utzi, espetxera nahi zuen. Biharamunean bertan ezezagun batek fidantza ordaindu eta Thoreau askatu egin zuten. Zenbait biografok uste du Thoreauren izeko bat izan zela. Azkenik, bere zapata berreskuratu eta mendira joan zen, ahabiak biltzera (oso ona ei da ahabia ikusmena bizkortzeko). 1849an argitaratuko zen espetxeratze hori abiapuntu izan zuen gure Desobedientzia zibila.

Txabola utzita Waldenetik Concordera itzuli ondoren, lanbide apalen bitartez bizi izan zen: etxeak pintatu, lorategiak zaindu, lurra neurtu, aitari arkatzagintzan lagundu …

Bere buruarentzako askatasuna sortu, hori nahi izan zuen beti: lan finkorik ez, kontsumoa funtsezkora mugatu, alferrikakoa zeharo ezabatu, loturak ekar ditzaketen emazte, ume edo sendirik ez, ezta adiskide inbaditzailerik ere: ahal bezain libre bizitzeko antolatu zuen bizimodua.

Biografoek, hala ere, haustura bat nabarmendu dute Thoreauren bizitzan, politizatze gogor batek bizi izan baitzuen azkeneko urteetan. Ziaboga hori Anthony Burnsen eta John Brownen kasuek erabaki zuten.

Burns esklabo iheslari bat zen. Bostonen atxilotu zuten. Abolizionistek bere fidantza ordaindu zuten arren espetxean atxiki zuten. Protesta-manifestazioa zapaltzeko lanetan zebilen polizia bat hil egin zen. Haserre, Estatuak lege berri bat aldarrikatu zuen, AEBetako hiritarra esklabo iheslariak salatzera behartuz. Thoreauk ezin izan zuen jasan eta abolizionisten alde engaiatu zen. Orduan, aurreko bizimodu filosofikoa, txabolan bakartuta eta naturarekin bat eginik bere buruaren bila, interesik eta baliorik gabekotzat jo zuen.

John Brown kapitain bat zen, zuria, abolizionista, dozena bat militanterekin batera komando bat osatu zuena. Brownek hitzaldi bat eman zuen Concorden 1857an; Emerson eta Thoreau entzuleen artean zeuden. Behin batean, Kansasen, Brownek esklabotzaren aldeko bost lagun garbitu zituen. Beste batean, Virginian, Brown armategi batez jabetu zen, esklaboak armez hornitzeko asmoz. Berehala harrapatu zuten ordea, espetxeratu eta urkatu. Thoreauk 1859an John Brown kapitainaren aldeko alegatua idatzi eta Concordeko enparantza batean ozenki irakurri zuen. Urte hartan bertan John Brownen martiritza argitaratu zuen. Eta 1860an John Brownen azken egunak.

1854an, Walden argitaratu zuen urtean, tuberkulosia harrapatu zuen. Hiltzera zihoala jakinda, bere liburuen argitalpena apailatu zuen. Uko egin zien analgesikoei: une guztiak sakonki bizi nahi izan zituen, azkenekoak barne. 1862ko maiatzaren 6an hil zen, 44 urte zituela.

Bizimodu xixtrinetik askatzen hasteko

Thoreauk bizimodu filosofiko bat mamitzeko bide bat erakutsi digu, berea. Gizarte industrialaren eta modernitatearen kritika du oinarri. Lehen aipatu dugu Thoreauk Harvarden 20 urte zituela idatzi zuen hitzaldia: “Garai modernoetako espiritu komertziala eta bere eragina nazio baten izaera politiko, moral eta literarioaren gain”. Bere obra osoaren ernamuina dugu.

Bertan dioenez, gure garaia teknikarien garaia da, ingeniari, bankari eta merkatariena, eta horrek bizimodu sakon eta ederretik urrutiratzen gaitu. Thoreauk ez ditu hiriak gogoko, ez sosa, ez salerosketa, ez industria; nahiago du landa, basoa, buruaskitasun naturala. Kontsumoak eta aberasteak gidaturiko ekoizpena zentzugabea iruditzen zaio eta maiz identifikatzen du filosofia “bizimodu-ekonomiarekin”: era soilean bizitzeko behar duguna ekoiztera behar dugu mugatu, horixe da ezinbestekoa den lan bakarra.

Thoreauk ezagunak zituen John Adolphus Etzlerren ikuspuntuak, utopista ekologista teknofilo bati dagozkionak: aurrerapen teknikoak lanaldia murriztea ahalbidetuko digu, orobat sufrimendua; teknikari esker lorategi eta paradisu bilakarazi ahalko dugu gure Lur hau ... Thoreau ere ekologista duzu, baina teknofoboa: ez dugu puntako teknologiak saltzen dizkigun aparailuen zinezko beharrik; hegazkinek, igogailuek, hirietako argiteria artifizialak ez gaituzte barrutik hobetzen; industria-iraultzak ez gaitu zoriontsuago egingo, alderantziz baizik. Nolanahi ere, Thoreauk ez du federik inongo iraultza orokorretan, indibiduo zehatzen erreforma moral eta espirituala zaio iraultza ernai eta egingarri bakarra, ez baititu aintzakotzat hartzen gizabanako partikularrak baino.

Thoreaurentzat bizimodu xixtrina da gurean nagusi. Gizartea, politika zein Estatua, kontrako eztarrian gelditu zaigun okela ustela dira, goitika eginarazten diguna. Erdipurdiko bizitza tentelak bizi ditugu, konformitate koldarraren menpeko. Ondo begiratuz gero, “lasaitasun” deritzoguna ez baita desesperazioa baizik. Bizimodu xixtrin honek balio faltsuen bila bultzatzen gaitu: dirua, ohoreak, agintea, jabetza, ospea. Era berean, kontsumo-gizarteak dakartzan bizio eta gurpil zoroetan katramilatzen gaitu: apeta, erosi, poseditu, kontsumitu, aspertu, ostera ere apeta… Xixtrinak gara orobat besteekiko harremanetan, itxura hutsean eta axalkerian amilduak baititugu harreman horiek: irribarre hipokritaren azpiko gorroto lehiakorra, zapatu gauetako mozkor tristea, hitzontzikeria eta ergelkeria hutsala… Oro har, bere buruarekin harreman sakonak ez dituenarena da bizimodu xixtrina.

Putzutik irteten hasteko ez da txarra filosofia. Thoreauk, haatik, filosofia-irakasle franko dugula dio, baina filosofo bakar bat ere ez. Filosofo izatea ez baita gogoeta korapilatsu eta sotilak adieraztea, ezta filosofia-eskolak sortzea ere, baizik jakinduria maitatzea eta honen araberako bizimodu sinple eta independentea mamitzea; eta bizitzak dakartzan arazoen arteko batzuk konponbidean jartzea, ez soilik teorian, praktikan baino. Ezin da akademiara mugatu filosofia, egunerokora behar da ekarri: alegia, bizitza pentsatu eta pentsamendua bizi.

Bide egokiaren bila, botika eupeptiko bat errezetatzen digu Thoreauk, bizitzaren digestioa ederki eramateko pilula filosofiko batzuk. Aurrena, bizitze hutsak dakarren atseginaz gozatzen ikasi beharra dago, egunsenti bakoitzaren distira berriagatik zure burua zoriondu. Gainera, zure baitako muzinaren eta laiotzaren etengabeko azpilanari aurre egin behar diozu, zorion eta gozamen-nahi sendo baten bidez. Zoriona eraiki egin behar baita, ez zaigu berez etortzen. Ordea, gure gizarteotan ez gara gure buruaren jabe, makina bilakarazten gaituzte; Thoreauk, aitzitik, jabetza hori beharrezkotzat jotzen du, alienazioa gainditu beharra dago, zure burua behar duzu zure bizitzaren erdigunean kokatu, ez, ohi bezala, aberastasuna, lana edota prestigioa. Halakoen bila gabiltzala galtzen baitugu bizitza, oharkabean joaten zaizkigu egunik ederrenak. Etorkizunerako uzten dugu beti benetako bizitza, halako batean hiltzen garen arte, ia beti itxarondako etorkizun hori heldu baino lehen.

Thoreaurentzat, ez dago nork bere burua asmatu eta eraikitzea beste biderik, bizimodu osasuntsu, neurritsu eta soila sortzea besterik. Erromatarren “otium”ak, aisialdiak, behar luke nagusi. Ikasi beharko genuke, halaber, negatiboan onuragarria bilatzen, hasiera batean kaltegarri zaigunaren irudiarekin lan egiten, harik eta atsegin bilakatuko zaigun arte, estoikoek erakutsitako bidetik.

Thoreauk bere bizitzan hainbat bider asmatu zuen lehen begiratuan zalantzarik gabeko zoritxartzat jo beharrekoa azkenik atsegin-iturri gisa gozatzen. Esaterako, Desobedientzia zibila-n kontatzen digun espetxealdia Concord eta mundua begi berriez maitatzeko akuilu bihurtu zuen. Beste behin, lagun batekin oihanean zela, janaria erretzeko sua piztu, inguruko adaxka batzuk hartu eta zabaldu egin zen ustekabean, istripu larria; baina Thoreau eta laguna muino batera igo eta suzko paisaia bikain batez gozatzeko aukera gisa aprobetxatu zuten, zuhaizti kiskalien jabeek ez bezala ziur aski. Haratustela eta sarraskia bizitzaren garaipen gisa ikusarazten zizkion bere buruari. Eta bere eguneroko ibilaldia oztopatzen zion ekaitza, ostera, bedeinkazio moduan naturarentzat.

Azkenik, hilzorian zela, bizitzako une trinkoak inoiz baino sakonkiago sentitzeko bultzada sumatu zuen, eta, esan bezala, uko egin zien analgesikoei, agoniari dagozkion uneak goitik behera bizi nahi izan baitzituen, agoniaren sentsazioak poliki nabaritu. Sentsazio horiek bizitzari lotuz gero, hilzoria eta agonia bigarren mailan gelditzen dira. Ez da pentsatu behar “hil behar dut”, heriotza etorkizunari baitagokio eta ez dugu zertan etorkizunaz itsutu; baizik eta “bizirik nago oraindik”: horrek orainaldia oparitzen baitizu, bizia sentitzeko eta gozatzeko aukera luzatu. Thoreaurentzat bizitza ospakizun alai bat da funtsean, jai handi maitagarri bat.

Askatzen jarraitzeko bost gogo-jardun

Thoreauk zure burua estatua gisa zizelkatzera akuilatzen zaitu, eta bost gogo-jardun proposatuko dizkizu barne estatua ederra xede, lotura barik eta libre bizitzea xede: zure burua aztertu eta ezagutzea; ametsak bizitzea; bizitza maitatzea; bizimodua sinpletzea; eta gorputz perfektu bat eratzea. Banan-banan aztertuko ditugu.

Hawaira goaz oporretan, aurki ilargira, baina hurbilen duguna, gure burua, ez dugu ezagutzen. Emersonek zioen bidaiatzea tentelen paradisua dela. Thoreaurentzat kanpoko munduranzko norabidea beharrean gure baitara daramana behar dugu jorratu, gure baitako kontinente ezezagunen Kristobal Kolon bilakatu, gure barruko mapetan ezkutuan datzana desestali, gure bihotzeko alde ilunak argitu, horiek erabakitzen baitute sarritan egun argiko gure jokabidea.

Bestalde, zuhurtzia estu batek oinak lurrean finkatzeko agintzen digun arren, Thoreauk ukatu egingo du gure desirak errealitatetzat hartzeari ukoa, zibilizazio modernoan gailen, eta gure ametsengana abiatzera gonbidatuko gaitu, irudimenaren alde egingo du argiki eta garbiki. Aurrena, airean eraiki behar dira gazteluak, asmo liluragarriak egikaritu; soilik ondoren etorriko da zeruko gazteluari oinarri bat emateko lana. Amaieratik hasi beharra dago, eta hasieran amaitu. “Errealitate” deitua bigarren mailan utz dezakegu. Naturak gure bitartez sortzen dituen ametsei konfiantza osoz eman behar diegu bide, normaltasun sozialak ezartzen dizkigun mugak gorabehera.

Hirugarrenik, Thoreauk bizitza maitatzeko aholkatzen dizu. Ez du gustuko kristauen zenbait jarrera: jatorrizko bekatua, sufrimendua bertutetzat hartzeko masokismoa. Uste du gure ohiturak, santuekiko harremanen ondorioz, usteldu egin direla, martirologioak-eta mina bertute gisa saldu baitigute. Konfiantza eduki behar duzu zaren animaliarengan, naturak zuregan dioena aintzat hartu. Eliza jende txepel eta odolbakoak osatutako nahaste-borraste bat iruditzen zaio, eta apaizak, berriz, gonak janzten dituzten emagizonak, pentsamendurik ederrenak gonapean dauzkatenak. Koruen kantua Elizan baino ederragoa ei da igelena basatzetan.

Thoreauk maila berean ipintzen ditu Biblia, Homero eta Shakespeare, Yahve eta Thor, Jesus eta Zoroastro. Guztiak goraipatzen ditu. Baina gogor joko du Elizaren zenbait inplikazio politikoren aurka: kasu, esklabotza iraunarazteko tema.

Thoreauk gorroto du filantropia, ez du hurkoa maitatzeko agindu kristaua maite, ongintzak eta errukiak injustizia iraunarazten omen baitute: erremusina emateak, adibidez, txiroa laguntzara ohitzea dakar. Errukiak ezabatu beharreko sistema iraunarazten du. Dena den, sistema ere ez zaio larregi axola. Anarkistek ez bezala, Thoreauk iraultza espirituala laudatzen du, gizabanako bakoitzarena: ez gara gizateria salbatzera etorri, baizik bizimodu filosofiko indibidual bat asmatzera.

Laugarren gogo-jardunak gure bizitza sinpletzea dakar, bizilekua, janzkera, elikadura eta zereginak arintzea. Thoreauk dioenez, bizitza irabazteko ahaleginaren ahaleginez, azkenean galdu egiten dugu: dauzkagun gauzek lotuta gauzkate, gure jabetza eragozpen zaigu eta traba, gure menpekoen menpeko baikara. Bizimodu sinpleak libreago egiten gaitu.

Aurrena, bizilekua sinpletu: ahal bezain soila izan dadila, apaingarririk ez. Antzina bezala, eguraldi txarretik eta piztiengandik babesteko aski eta kito. Horixe bilatu zuen Thoreauk Waldengo txabolan.

Bestalde, nork bere etxea eraikitzea litzateke komenigarriena. Eskolan irakatsi beharko ligukete etxea egiten, ezdeuskeriak irakatsi beharrean; horrela ez ginateke beti hipoteken eta alokairuen menpe biziko.

Hurrena, janzkera ere sinpletu beharko genuke: janztea eguraldiaren erasoetatik babesteko balio baitu, eta lotsariak estaltzeko. Aski genuke soineko sinple, funtzional, erabilgarri, iraunkor eta merkea. Arropa zaharra ahal bezain luzaro erabili beharko genuke, adabakiak eta edonolako konponketak lagun.

Moda perbertsio barregarri bat da, eta modaren arabera janztea zure burua kako-altzari edo pertxerotzat hartzea. Gure gizarte txotxoloak gaizki hartzen du “desegoki” janzten den pertsona, edo usain naturala dariona; ondo, berriz, zornea darion arima zikina.

Hirugarrenik, elikadura sinpletu: jateak galdutako indarra berreskuratzea du xede nagusi; beraz, modu sinple, osasungarri eta merkean jan dezakegu, baratzea erabiliz, nork bere garia erein eta ogia eginez… Eskura dauzkagu, halaber, arrantza, ehiza, uzta bilketa.

Apeta garestia eta mizkinkeria baztertu beharrekoak dira. Azukrea, esaterako, beterrabak dakar berez; dena den, azukrerik gabe ere bizi gintezke. Kafea, tea eta alkohola, alferrikako pizgarriak zaizkio; aski dugu ura. Okela ere ez zaio beharrezko Thoreauri. Ez da barazkijale peto, baina badu joera. Thoreauren elikadura-aszesia egoki kokatzen da bere bizi-aszesi orokorrean.

Laugarren, zereginak sinpletu: bizimodu korapilatsuak baitakartza asperdura, kezka, tristura, melankolia, depresioa eta larridura. Diruari begira lan egiten dugunez, lan gehiegi egiten dugu. Zinez ezinbesteko zaiguna ekoizteko baizik ez bagenu lan egingo, nahikoa genuke astean lan-egun bakarra. Gainerako seiak, atseden. Aisialdia indartu behar genuke, natura sakonkiago bizi ahal izateko: maizago ibili (lau orduko ibilaldia egiten zuen Thoreauk egunero); gogoeta eta kontenplalaritzari denbora luzea eman (orduak eta orduak igarotzen zituen naturari begira estasian).

Bestalde, irakurri bai, komeni da, baina ez literatura zibilizatua, baizik basatia, bizitzako arazo gordinak arakatzen dituen literatura: Homero, Eskilo, Shakespeare… Ez dira hamar liburu baino gehiago behar, baina denak ondo aukeratuak eta onak, eta ez literatura entretenigarria, edo ihes egitekoa, baizik norberaren bizimodua libreago bilakarazten laguntzen duena.

Egunkariak saihestu behar dira: oso gogor epaitzen ditu Thoreauk kazetariak, salbuespen gutxi batzuk gorabehera. AEB gobernatzen duten tirano berriak direla dio, gizakion alderik zitalena pizten omen dute. Kazetariek ez dute idazten ordaintzen dietenek irakurri nahi dutena baizik, eta desinformazioaren bidez nazioaren iritzia formateatzen dute. Tenteldu egiten dute irakurlea txutxumutxuen eta zurrumurruen bidez. Garrantzi handiegia ematen diote gertaerari, ez dakarte behar bezalako analisirik. Eta behin-behinekoan dabiltza beti plisti-plasta, irauten duenaz ezaxola; baina, ia dena errepikatzen denez, atzoko eta biharko egunkariak ez dira batere desberdinak. Labur: egunkari-irakurlea bere goitikinera itzultzen den zakurraren antzekoa da.

Bosgarren gogo-jardunak gorputzaren perfekzioa ahalbidetuko digu. Aurreko lau gogo-jardunen bitartez sinpletasuna, arintasuna eta neurritasuna lortzen da, gorputz osasuntsu, garbi eta aratza; hortaz, arima akasgabea ere bai. Horrela, Thoreauren jakintsua ez da ez hotzaren beldur, ez beroaren edota euritearen beldur. Gose-egarriek ere ez dute izutzen, ezta asperdurak edo basoan galtzeak ere, edota tristurak, etsipenak eta angustiak. Libre da, libertario bat izan daiteke, loturatik gabe bizi eta aske. Heldu da Estatuari desobeditzeko ordua.

Libertario

Michel Onfrayk uste du Thoreau libertario bat izan zela. “Littré” hiztegiko definizioari ondo egokitzen zaio Thoreauren aiurria: libertarioa “askatasun indibiduala mugatzea inolaz ere onartzen ez duena da, ez gizarte kontuetan, ez politikan”. Nola jokatzen du libertarioak bere buruarekin, besteekin, munduarekin?

Beregain duzu Thoreauren jakintsua, gai da bakarrik bizitzeko, badaki bere buruaz pozten, ez ditu besteak behar. Azken batean, besteren zoriona ez dut neuk sentitzen, gehienez ere horren lekuko izan ninteke, baina bakoitzak bere aldetik gozatzen du. Hagineko mina ere, nork berea. Bakarrik egiten dugu amets. Eta inor ezin da nire ordez hil. Gure bakardadea metafisikoa dela onartu beharra dago; baina libertarioak maite ere egiten du bakardade hori. Lagunen bisitekin, esan bezala, Thoreau pozik; bisitarik gabe, pozago.

Besteekiko harremanari dagokionez, izan ere, gizakioi trikuari neguan bezalaxe gertatzen baitzaigu: hurbilegi, elkarri eztena sartu, nahi gabe ere elkar zauritu; urrutiegi, berriz, erabateko bakardadean, inolako komunikaziorik gabe, hotzak hiltzen gaitu. Libertarioa distantzia egokia aurkitzen saiatzen da.

Munduak, azkenik, ez dio ardura Thoreauri. Mundu osoaren deuseztea zuzenean ikusi ahal izateko ez luke alboko kale-kantoira joateko lanik ere hartuko. Are, munduaren suntsitzea eragoztea bere esku balego, ez omen luke egingo.

Bestalde, Thoreau libertarioari pairagaitz zaio otzantasuna, domestikotasuna, bai abereengan eta bai gizakiengan, piztia basatiak basati behar du eta patetikoa da otsoa etxabere bilakaraztea. Hiriak patologia indibidual eta kolektiboak eragiten ditu; naturarekin harremanik ez izateak enkoniadura eta goibelaldia dakar. Aitzitik, naturak bakea eta sosegua pizten ditu. Naturaren baretasuna ezagutu dutenek sekula ez dute etsipena, tirania edo menpekotasun espiritual zein politikoa sorrarazi.

Thoreauren gisako libertarioak bizimodu soila bilatzen du: ez lanik, ez sendirik, ez aberririk; ez inoren ez ezeren menpeko; joan, etorri, alde egin, gura legez: inori azalpenik eman behar ez; ez obeditu, baina ezta gidatu ere, dizipulurik eta eskolarik ez; dagokizun unean bizi eta zure denboraren jabe izan; harremanak, soilik nahi duzunarekin eta, nahi izatean, harremana eten; zure naturari entzun, zure joerak bete, zure baitako bizi indarrak nahi duena onartu; eta ametsak bizi, bizitza amestu, arte-lan bilakarazi.

Edozein gisaz, Thoreauk bere buruari bezperako iritzien kontrakoei eusteko askatasuna ere ematen dio, libertateak zure atzoko usteen menpean ez bizitzea eskatzen baitu. Eta zenbait berezilariren ustez, Thoreauren azken urteetako jarrera politikoa filantropikotzat jo liteke, Walden-en nabari den misantropiaren aurkakotzat. Gogora dezagun konbertsio antzeko hori Anthony Burns eta John Brownen aferek erabaki zutela: gobernuak lege bat aldarrikatu zuen esklabo iheslariak salatzera behartuz eta Thoreauk hori Estatuaren gerra-aldarrikapen gisa hartu zuen beraren aurka (aurretik ere iheslariak lagunduak zituen eta bere etxean aboliziozaleen batzarrak eginak… “misantropo” deitu garaian!). Estatuaren erabaki doilor horrek bere onetik atera zuen, naturaren ikuskizunaz patxadaz gozatzea eragotzi, txangoak eta hausnarketak arranguratu…

Desobedientzia zibilaz

Michel Onfrayk dioenez libertario bat izan zen Thoreau, bai, baina ez anarkista. Ez zuen proiektu komunitario, komunista, berdinzale edota sozialistarik. Ez zuen iraultza politikoan sinesten, baizik iraultza espiritualean. Anarkistek eta liberalek ez bezala, ez zuen Estatua abolitzeko militatu. Zerga jakin batzuk ez zituen ordaintzen, baina ez zuen zergen sistema arbuiatu. Hiritar zintzotzat zuen bere burua, gustura ordaintzen zituen herri-bideak egin ahal izateko zergak. Esklabotza eta Mexikoren aurkako gerra sendotzeko zergak ordaindu beharra izan zen inolaz ere onartu ez zuena, eta horrexeri egin zion zehazki uko.

Thoreau ez dator bat anarkisten baikortasun ireniko aingerutarrarekin, ez du uste Iraultza Handiaren ostean gizakia hobetuko denik, jabetza pribatua deusezteak jelosia ere desagerraraziko duenik; aldiz, libertario pragmatiko gisa dihardu. Estatuaren kontra borrokatuko da baina ez beti eta nonahi, Estatuaren ideia absolutuaren aurka, soilik Estatua gizabanakoaren bizimoduari poxelu zaion heinean. Libertarioak badaki Estatuak ez duela definizioz askatasuna trabatzen; zenbaitetan babestu eta bermatu ere, egin dezakeela. Anarkismoaren katekesian nekez kabitzen da halakorik.

Sosegu filosofikoa aztoratu ziolako ekin zion beraz Thoreauk Estatuaren aurkako indarkeriarik gabeko borrokari. Gizabanako gisa galarazi zioten patxada berreskuratzeko asmoz murgildu zen politikan. Bere bizitzako azken urteak eman zizkion, batez ere azkeneko zortziak, turbekulosiak jo ostekoak.

Desobedientzia zibila 1849an argitaratu zen. Oso laburra da, filosofia politikoko beste maisulan batzuk bezala (Borondatezko morrontzaren diskurtsoa, Printzea, Alderdi Komunistaren Manifestua). Onfrayk dioenez, Walden etikari zaiona zaio Desobedientzia zibila politikari.

Liburuko lehenbiziko ideiaren arabera, gobernurik onena gutxien gobernatzen duena da; eta gobernu perfektua bat ere gobernatuko ez lukeena litzateke.

Bestalde, gobernuek agintea ezartzen dute ez zilegizkoak direlako, baizik eta indarraren jabe direlako, Weber-ek “indarraren monopolio” deituko zuenaren jabe, armadaren, epaitegien, espetxeen eta polizien jabe. Thoreauri erantzun geniezaioke egoera demokratiko batean gobernuari hauteskunde garbiek zilegitasuna ematen diotela; Thoreauk ihardukiko zigukeen Estatuaren funtsa, edozein gisaz, ez dela zilegitasun hori, baizik indarra, polizia eta legea ezartzeko bide irmo eta bulartsuak.

Printzea-n Machiavellik politikariari aholkatu zion helburu politikoa lortzeko lehoi bortitz zein azeri maltzur bilaka zedila, komenentziaren arabera; nolanahi ere, politika, proiektu politikoa, Italiaren batasuna, etikaren gainetik jarri zuen; Thoreauk, ostera, aurrena etika jarriko du, gero politika. Zuzentzat duzuna egizu; ez duzuna, aldiz, legala izan arren, ez egin. Legeren bat ez bazaizu morala iruditzen, ez ezazu bete, ez obeditu lege inmoralei, kontzientzia legearen gainetik baitago, eta lehenago gara gizaki hiritar baino.

Jarrera honen aurka gure artean Arantxa Azurzak eta Joseba Arregik jo izan dute. Bi-biek aldarrikatzen dute legea edozein kasutan bete beharra, eta, bidegabetzat joz gero, adostasunean eta gehiengoetan oinarrituta aldatu beharra. Kristautasunari estu loturiko heziketa nozitu dute, eta baliteke horregatik agertzea beren ikuspuntuan legea aura sakratu antzeko batez apaindurik.

Thoreau ez zegokeen ados. Eta, Thoreauren jarrerak, Azurza eta Arregirenak ez bezala, faxismoaren aurkako erresistentzia ahalbidetzen du: nazien eta Vichykoen lege antisemitak legezkoak ziren, baina erresistentziak zorionez ez zituen etikotzat onartu eta borrokatu egin zituen. Gaur egun Frantzian lege-agindu bat aldarrikatu nahi omen dute, hiritarra paperik gabeko etorkinak salatzera behartzeko; aise irudika liteke Thoreauri zer irudituko zitzaiokeen eta zer jarrera hartuko zukeen.

Desobedientzia zibila-k dakarren beste ideia interesgarri bat: bidegabekeriaren eta injustiziaren laguntzaile bilakatzen zara, ez badituzu salatzen, ez bazara haiek abolitzeko borrokatzen. Maila berean jartzen ditu Thoreauk lege zitalen bultzatzaileak eta lege horien aurka ezer egiten ez duten hiritarrak, lege bidegabeak desaktibatzen edo oztopatzen ahalegintzen ez direnak: erantzule, kolaboratzaile eta errudun.

Thoreauk gainera azpimarratzen du Estatuak automatikoki etsaitzat jotzen duela obeditu aurretik bere kabuz zalantzatzen eta hausnartzen duen edonor.

Eta ez dago arrazoi egokirik esklabotza aldezten duen gobernu bat deusetan ere onartzeko. Errepideak eta eskolak xarmanki egin ditzake gobernu horrek, baina badira bete beharreko gutxienekoak. Ezin da inondik inora bat egin esklabismoa zilegitzen duen Estatuarekin. Kontzesiorik ez.

Thoreaurentzat, ongi da esklabotza amai dadin eskatzea, manifestuak izenpetuz eta abar. Baina are zuzenagoa da intsumisioa, desobedientziazko ekintza; esaterako, zergak ez ordaintzea.

Lege bidegabeak ez dira bete behar, bistan da; eta, gobernu bidegabearen aurkako kontrabotererik eragingarriena, gizabanakoen ekintza da. Estatuaren injustiziaren aurka borrokatzeko ez duzu Alderdiak zer egin erabaki arte itxaron behar, edo zure taldexkak. Ez duzu zertan Iraultza Handiaren zain egon, baizik eta zerorrek, gizabanako zehatz horrek, orain bertan egin beharko zenuke zerbait, albait arinen iharduki. Egia bada ere lan guztia ezin duzula zeuk bakarrik egin, zerbait egin beharko zenuke lehenbailehen.

Gutxi garateke hasieran; baina, Thoreauren ustez, gutxiengoa garaitezina dateke, bidegabekeria eragoztera serioski deliberatzen delarik.Talde txikiek ondorio handiak ekar ditzakete, blokeoa erabakimenez bilatzen dutelarik. Ez duzu gehiengorik behar erabakigarri bilakatu ahal izateko; gutxiengo batek Estatua eragotzi dezake: bidea Estatuari aurre egiteko elkartzea da, intsumisoen antzera sareak eratzea, Onfrayk “Lilliput-hastapen” deritzonaren arabera, Gulliver erraldoia sareztaduran harrapatu eta ibilgetzea lortu zuten txikerren omenez. Behin desobedientzia hedatuz gero, Estatuak ezingo dituenez desobedientzialari guztiak espetxeratu, bere burua amore ematera derrigortua ikusiko du, makurtu egingo da azkenean. Eta, Estatuak atzera egin eta borroka uzten duenean, iraultza egina dago, iraultza baketsua.

Tolstoi, Luther King, Gandhi, Sabino Ormazabal eta Jose Bovék Thoreauren maisutza aitortu dute. Thoreauren pentsamenduek ondorio nabarmenak izan dituzte historian eta gizabanako askoren jokabidean. Maiz amaitzen du desobedientzialariak espetxean itxirik. Adibidez, militarren aurkako Bovéren ekintzek lau hilabete igaroarazi zizkioten presondegian; McDonald’sen aurkakoek, berriz, hiru hilabete. Azkenik, Bovérentzat, transgenikoak badira legalak, baina bere etikak ez dio bidezkotzat hartzea baimentzen, eta, horrenbestez, bere buruari transgeniko-plantazioak erretzea zilegitu zion, ondorioz presondegia pairatu beharko zuela jakin arren, zigor-kode frantziarrak ekintza kriminaltzat jotzen baitu. Oraingo honetan hamar hilabete barruan.

Emerson espetxera joan omen zitzaion bisitan Thoreauri, eta galdetu zion: “Baina zer dela-eta zaude zu hemen?” eta Thoreauk erantzun: “Eta zer dela-eta ez zaude zu hemen?” Alegia, zinez harrigarria, bere burua zintzotzat duenak legedia injustuari beste barik men egitea da. Borrokak espetxeratzea badakar, espetxera. Norbera gainera, bizilaguna zertan ote dabilen jakin guran ibili gabe.

Desobedientzia zibila eragingarria izaten da maiz, eta, besteak beste, Espainiak derrigorrezko soldadutzari dagokionez eta Frantziak transgenikoen aferan atzera egin eta jarrera aldatu behar izan dute. Luther King eta Gandhik ere arrakasta lortu zuten. Hori bai, asasinatu egin zituzten biak.

Desobedientzia Zibila [2]

Henry David Thoreau

(Itzulpena: Edu Lartzanguren)

Bat nator, bihotz bihotzez, honako leloarekin: “Gobernurik hoberena gutxien gobernatzen duena da”; eta nire pozerako litzateke hori ahalik eta azkarren eta sistematikoen gauzaturik ikustea. Gauzatzen bada, beste honen baliokidea bihurtzen da azken batean, hau ere nire iritziarekin bat: “Gobernurik hoberena, batere gobernatzen ez duena da”; eta gizonak horretarako prest direnean, hori izango dute gobernutzat. Kasurik hoberenean gobernua aurrerabide bat besterik ez da; baina gobernu gehienak normalean, eta gobernu guztiak batzuetan, atzerabide izan ohi dira. Armada iraunkor baten kontrako arrazoiak, asko, funtsezko eta konbentzigarriak izanik, berdin erabil daitezke, azken batean, gobernu egonkor baten kontra ere. Armada iraunkorra gobernu iraunkorraren beso bat besterik ez da. Herriak bere borondatea gauzatzeko aukeratu duen baliabidea besterik ez bada ere, gobernua desbidera eta oker dezakete herriaren nahia bete baino lehen. Honen lekuko dugu, gaur, Mexikoren aurkako guda: gobernu iraunkorra bere tresna gisa erabiltzen ari diren gizabanako gutxi batzuen lana; izan ere, hasieran, herriak ez zuen halako neurririk onartuko [3].

Zer da, bada, Ameriketako gobernu hau, tradizio bat besterik ez bada, tradizio berri xamarra izan ere, bere burua osorik etorkizunera transmititu nahian dabilena baina uneoro osotasun eta zintzotasun pixka bat galtzen ari dena? Gizon bizidun bakar baten adinako indarrik eta sasoirik ez du; gizon bakar batek bere nahiaren arabera makurraraz baitezake. Herriarentzat ere, egurrezko fusil antzeko bat da Gobernua. Halere, ez du horregatik hura gutxiago behar; jendeak tramankulu handi bat behar du eduki, eta haren harrabotsa entzun, buruan duen gobernu ideia hori asetzeko. Honen bidez erakusten digute gobernuek zein erraza den gizonak menpean hartzea edota beraiek gizonen menpean jartzea, batzuen mesederako. Zoragarria da, onar dezagun. Baina gobernu honek ez du, bere kabuz, inongo ekimenik lagundu, ez bada bidetik azkar kendu denean. Gobernu honek ez du aberria aske gordetzen. Gobernu honek ez du mendebaldea kolonizatzen. Gobernu honek ez du hezkuntzarik ematen. Ameriketako jendearen prestutasunari esker lortu da egindako guztia; eta gehiago ere izango zuen egiterik, gobernua, hainbatetan, traban jarri ez balitzaio. Izan ere, gizonak elkarrekin bakean gogo onez uzten saiatzeko tresna da gobernua; eta, esan bezala, mesederik handiena egiten du, gobernupekoak bake santuan uzten dituenean. Gomazkoak ez balira, merkataritzak eta negozioek ezingo lituzkete gainditu legegileek etengabe bidean jartzen ohi dizkieten trabak. Eta gizon horiek, dituzten asmoengatik ez ezik, euren ekintzen ondorioengatik juzgatuz gero, trenbideetan trabak jartzen dituzten gaiztaginekin parekatzea eta zigortzea mereziko zuketen.

Baina zuhurki eta herritar legez mintzatzekotan, euren buruak gobernu gabeko gizontzat jotzen dituzten horiek ez bezala, zera eskatzen dut nik, ez berehala gobernu eza, baizik eta berehalaxe gobernu hobea. Utzi gizakume bakoitzari zer nolako gobernua errespetatuko lukeen adierazten eta horra hura lortzeko lehenengo urratsa.

Azken batean, boterea herriaren eskuetara heltzen den orduan, uzten bazaio gehiengo bati agintera heltzen eta luzaroan agintzen jarraitzen, horren arrazoi praktikoa ez da gehiengo hori zuzenago ibiltzea litekeena dela edota gutxiengoaren oniritzia duela, baizik eta fisikoki indartsuena dela. Kasu guztietan gehiengoaren arabera agintzen duen gobernuak ezin du justizia oinarri izan, sikiera ere gizonek justiziatzat duten horren arabera. Ez al da posible gobernu bat non gehiengoek ez duten birtualki erabakitzen zer den zuzena eta zer okerra, baizik eta kontzientziak? Non gehiengoek soilik kontzientziari eragiten ez dioten aferetan erabakiko duten? Utzi behar al du herritarrak, une batez eta neurririk txikienean bada ere, bere kontzientzia legegilearen eskuetan? Zertarako du orduan gizon bakoitzak kontzientzia bana? Lehenbizi gizonak eta ondoren menekoak izan beharko ginatekeela uste dut. Ez genuke legearekiko errespetua landu behar, zuzentasunarekikoa baizik. Soilik betebehar bat har dezaket nire gain zilegitasunez: beti neuk zuzentzat dudana egitea. Ongi esan ohi da talde batek ez duela kontzientziarik; baina kontzientzia duten gizonen elkartea, elkarte kontzientziatsua da. Legeak ez ditu sekula gizonak apurtxo bat ere zuzenagoak egin; eta, harenganako errespetua dela eta, zintzoak ere zuzengabekeriaren agente bihurtzen zaizkigu egunero. Legearekiko errespetu desegokiaren ondorio natural eta arruntaren adibidetzat, ikus dezakezu soldadu lerro bat, koronela, kapitaina, kaboa, kintoak, bolbora-mutil eta dena, mendian gora eta haranetan barrena, lerro-lerro, gerretara martxan, gogoz kontra eta, ai ene!, senaren eta kontzientziaren kontra, horrek, benetan, martxa oso aldapatsu egiten dielarik eta bihotza estutzen. Lantegi deitoragarrian dabiltzala badakite, zalantza izpirik gabe; baketsuak dira denak berez. Orain, berriz, zer dira? Gizonak akaso? ala bolborategi eta gotorleku mugikorrak, agintean diren gizon lotsagabe batzuen zerbitzuan? Bisita ezazue Itsas Armadaren basea eta marine bat behatu, Ameriketako gobernu batek sor dezakeen gizon mota, alegia, bere sorginkeriaren bitartez sortu ere: gizatasunaren itzal eta arrasto bat, bizirik eta zutik, eta dagoeneko, esan genezake, armen azpian lurperaturik, hileta doinuz lagundurik.

Danbor hotsik ez zen entzun,

ezta hileta doinurik ere,

Haren hilotza harresira eraman genuenean;

agur tirorik ez zuen egin soldadu batek ere

Gure heroia lurperatu genuen hilobiaren gainean [4].

Honela zerbitzatzen du jende-multzoak estatua, ez batez ere gizon legez, baizik eta makina gisa, gorputzekin. Horiek dira armada egonkorra eta miliziak, kartzelariak, poliziak, eta sheriff-aren laguntzaileak. Kasu gehienetan ez dago senaren edota zentzu moralaren ariketa librerik; egurraren, lurraren eta harrien pare jartzen dituzte euren buruak; eta, beharbada, badago egurrezko gizonak fabrikatzerik, helburua haiek bezain ongi beteko luketenak. Simaur pilo batek edota txorimalo batek baino errespetu handiagorik ez dute halakoek merezi; zaldien eta zakurren balio mota bera dute. Eta, halere, halakoak hartzen ohi dira herritar prestutzat. Beste batzuek, legegileek, politikariek, abokatuek, ministroek eta, oro har, kargudun gehienek, estatua zerbitzatzen dute batez ere buruekin; eta hausnarketa moralik gutxitan egiten dutenez, berdin ibil daitezke Deabruaren morrontzan, nahi gabe beti ere, zein Jainkoarenean. Bakan batzuek, heroiek, abertzaleek, martiriek, erreformatzaileek zentzu onean, eta gizonek, kontzientziekin ere zerbitzatzen dute estatua eta, halabeharrez, gehienetan kontra egin behar izaten diote; eta, normalean, estatuak etsaitzat hartzen ditu. Gizon zuhurrak soilik gizon den heinean egin dezake mesede, bere burua kondenatu gabe “buztina” izatera “zuloa estaltzeko, haizea sar ez dadin” [5]. Lan hori, gutxienez, bere errautsari utziko dio:

Goregi jaio nintzen ni,

besteren jabetza eta esaneko izateko,

munduko edozein estaturen

morroi eta tresna bihurtzeko [6].

Bere burua osorik hurkoei ematen diena, ezgauza eta berekoitzat jotzen dute; bere burua erdizka ematen diena, berriz, ongilea eta filantropoa dela diote.

Nola jokatu behar du gaur gizon batek Ameriketako gobernu honekiko? Erantzuten dut ezin duela harekin elkar hartuta ibili zorigaitzik gabe. Ezin dut nire gobernutzat hartu, inolaz ere, esklaboen gobernua ere baden erakunde politiko hori.

Gizon guztiek onartzen dute iraultzarako eskubidea; hau da, gobernuari arbuio eta kontra egiteko eskubidea, haren tiranokeria edo ustelkeria handiak eta jasanezinak direnean. Gaur ez dela hori kasua diote ia denek. Baina hori bai zela kasua, uste dute, 75eko iraultzan [7]. Baten batek esango balit gobernu hura txarra zela atzerritik porturaturiko zenbait salgairi zergak ezartzen zizkielako, ez nioke kasurik egingo, ziurrenik, gai horiek gabe ere molda baininteke. Makina guztiek dute frikzioa; hala ere, sorturiko gaitza kitatzeko adina mesede egiten dute, ziurrenera. Frikzio hori dela eta protesta egitea oker handia litzateke, inolaz ere. Baina frikzioa makinaz jabetzen denean, eta zapalketa zein lapurreta antolatuak ditugunean, zera diot, ken dezagun makina hori aldamenetik. Bestela esateko, bere burua askatasunaren babeslekutzat duen nazioaren sei biztanletik bat esklabo denean, eta armada atzerritar batek herri oso bat bidegabe inbaditu eta menperatu eta lege militarpean jarri duenean, ez dut uste goizegi denik gizon zintzook matxinatzeko eta iraultza egiteko. Eta are premiazkoa da matxinatzeko betebeharra, ez delako geurea inbaditutako herria, bai, haatik, armada inbaditzailea.

Kontu moraletan askoren artean itzal handia duen Paleyk [8], Gobernu Zibilari Obeditzeko Obligazioa atalean, betebehar zibil guztiak batean biltzen ditu: onuragarritasuna; eta honela dio: “Gizarte osoaren interesak eskatzen duen heinean, hau da, dagoen gobernua onura publikoari kalte egin gabe aldatzerik edo ukatzerik ez dagoenean, Jainkoaren nahia da, orduan eta bakarrik orduan, dagoen gobernuari obeditzea...Printzipio hau onartuta, desobedientzia kasu bakoitza zuzena ote den erabakitzeko, nahikoa da kalkulatzea alde batean dagoen arrisku eta kalte kopurua eta bestaldean hura konpontzeko dagoen aukera eta kostua”. Honen inguruan, haren aburuz, norberak erabakiko du. Ez dirudi, ordea, Paleyk sekula kontuan izan duenik komenigarritasunaren legearen barruan jarri ezin diren kasuak, zeinetan herri batek zein gizabanakoak justizia egin behar duen kosta ahala kosta.

Itolarrian dabilen bati, indarrez eta bidegabe ohola lapurtu badiot, itzuli egin beharko diot, neu itoko banaiz ere. Hori, Paleyren arabera, ez litzateke onuragarria. Bere bizitza horrela salbatzen duenak, galdu egingo du [9]. Jende horrek esklaboak edukitzeari utzi egin behar dio, bai eta Mexikori gerra egiteari ere, horren kostua herri gisa desagertzea bada ere.

Praktikan nazioek Paleyren arabera jokatzen dute; baina, inork uste al du Massachusetts zuzen jokatzen ari denik egungo krisian?

Estatu zikina, zilarrezko soinekoz jantziriko urdanga, dandarra altxatzen diote, eta arima lokatzetik arrastaka darama [10].

Egia esateko, Massachusetts honetan legea aldatzearen aurkakoak ez dira hegoaldeko ehun mila politikari, baizik eta bertoko ehun mila nekazari eta merkatari; merkataritzaz eta nekazaritzaz arduratuago daude, gizateriaz baino, eta ez dira prest esklaboari zein Mexikori justizia egiteko kosta ahala kosta. Ez nabil urruneko etsaiekin ika-mikatan, baizik eta etxe ondoan urruneko haiei laguntzen dieten morroiekin, hauek gabe haiek jai izango baitzuketen. Ohituta gaude esatera jendetza ez dagoela prestatuta; baina hobekuntza astiro dator, gutxiengoa ez baita gehiengoa baino hobea edo jakintsuagoa. Ez da horren garrantzitsua zu bezain on diren asko egotea, garrantzitsuagoa da nonbaiten ongi absolutu apur bat izatea; legamia horrek altxatuko baitu ore osoa [11]. Milaka dira esklabotza zein gerraren kontrako direnak, iritziz, eta, dena den, haiek amai daitezen ezertxo ere egiten ez dutenak; beraien buruak Washington eta Franklinen seme-alabatzat dituzte eta, eserita eskuak poltsikoetan, esaten dute ez dakitela zer egin, eta ez dute ezer egiten. Libertatea beharrean, librekanbioa lehenesten dute eta lasai irakurtzen dituzte afalostean prezio indizeak, Mexikotik datozen azkeneko albisteekin batera, eta, beharbada, bien gainean seko geratzen dira lo. Zein da gaur gizaseme zintzo eta abertzale baten prezio indizea? Duda-mudatan dabiltza, eta deitoratzen, eta batzuetan protesta agiriak sinatzen dituzte, baina ez dute egiten egiazko eta eraginkorrik ezer. Asmo onez itxarongo dute beste batzuek gaitza konpondu arte, geroan deitoratzeko arrazoirik ez izateko. Zuzentasunari, boto merke bat, sostengu ahula, eta ongi ibili! bat besterik ez diote emango haien aldamenean igarotzen denean. Gizon bertutetsu bakoitzeko bederatziehun eta berrogeita hemeretzi bertutezale dago. Hala ere, errazago da gauza baten benetako jabearekin tratutan ibiltzea haren behin-behineko zaintzailearekin baino.

Bozkatzea joko mota bat da, dama-jokoa edo backgammon bezalakoa. Nola-halako ñabardura morala dauka, jokatzen baita ongia eta gaitzarekin, moral kontuekin; eta apustua du, halabeharrez, lagun. Boto-emaileen izen ona ez da arriskuan jartzen. Zuzen ustean ematen dut botoa, beharbada; baina zuzentasuna nagusitzea ez da niretzat hil ala biziko kontua. Hori gehiengoaren ardurapean uzteko irrikan nago. Haren betebeharra, hortaz, ez da gai praktikoetara baino harago heltzen. Zuzentasunaren alde bozkatzea ere, horren alde ezer ez egitea da. Zuzentasuna nagusitzea nahiko zenukeela gizonei ahapeka adieraztea da soilik. Gizon zuhur batek ez du utziko zuzentasuna zoriaren eskuetan, ezta hura gehiengoaren indarrez nagusitzea nahi izango ere. Bertute eskasa dago jende multzoen ekintzetan. Gehiengoak, egun batean, esklabotza deuseztatzearen alde bozkatzen badu, esklabotza bost axola zaiolako izango da edota haren botoaren bitartez deusezta daitekeen esklabotza gutxi geratzen delako. Beraiek izango dira orduan esklabo bakarrak. Bere askatasuna botoaren bidez baieztatzen duenak soilik azkar dezake esklabotzaren abolizioa.

Baltimoren-edo ospatzekoa den kongresu baten berri entzun dut: egunkari zuzendariek eta politikari profesionalek, nagusiki, osatuko dute, presidentetzarako hautagai bat aukeratzeko. Baina neuk zera diot: zer axola zaio erabakia edozein gizon independente, argi eta errespetagarriri? Ezin al dugu horren zintzotasunaz eta jakinduriaz baliatu, dena dela? Boto independente batzuk ere ezin al ditugu bada izan? Ez al da bada herri honetan kongresuetara joaten ez den gizabanako asko? Ez nonbait: gizon errespetagarria deituriko horrek segituan utzi du bere postua eta aberriarekin etsita dabilela sumatzen dut, aberriak berarekin etsitzeko arrazoi handiagoak baditu ere. Berehala, horrela aukeratutako hautagaietako bat onartzen du, eskura dagoen bakarra delakoan, eta horrela frogatzen du bera ere eskura dagoela demagogoaren edozein asmotarako. Horren botoak ez du gehiago balio eros daitekeen printzipiorik gabeko atzerritarrarenak edota bertako saripekoarenak baino. Oi gizona den gizona, eta nire auzoak dioen bezala, bizkarrean hezur sendoa daukana! Gure estatistikak oker dira: populazio handiegia agertzen dute. Zenbat gizon dugu herri honetan hiru mila kilometro koadroko? Bat eskas. Ez al du bada Amerikak gizonak hemen bizitzen jartzeko nahia pizten? Amerikarra urritu egin da, Odd Fellow [12] bat bilakatu arte: hura ezagutu daiteke taldean ibiltzeko joera asko garatu duelako eta bere buruarekiko konfiantza sendo zein adimen eza nabarmenagatik. Mundura sortzean haren kezka lehen eta nagusia zaharren egoitzak egoki paratuta daudela ikustea da eta gizonezkoen toga [13] janzterik duen baino lehen, diru-eske ibiltzea inguruko alargun zein umezurtzak laguntzeko. Aseguru etxearen babesean baino ez da bizitzera ausartzen, zeinak behar bezala hilobiratuko duela agindu dion.

Ez da gizon baten betebeharra, ez behintzat normalean, inongo okerrik zuzentzen ahalegintzera dedikatzea, okerrik handiena bada ere; bestelako kezkak izan ditzake gogoan arrazoi osoz, baina badu, bederen, oker horretatik eskuak ateratzeko betebeharra, eta, besterik ez badu egiten ere, ez emateko okerrari laguntzarik praktikan. Beste kontu eta hausnarketetara dedikatzen banaiz, lehenbizi behintzat, inoren lepotik ez nabilela ikusi beharko dut. Askatu beharko dut aurretik, beste horrek ere bere zereginetan ibiltzerik izan dezan. Ikusi, bada, zer nolako kontraesana onartzen den. Nire herrikide batzuei honela entzun izan diet: “Gustuko izango nuke haiek niri esklaboen matxinadaren bat zapaltzen laguntzera deitzea edota Mexikora gerrara joateko agintzea ..., ikusiko zuten orduan joango ote nintzatekeen”. Haatik, gizon hauetako bakoitzak, euren leialtasunaren bidez zuzenean eta, azken finean, euren diruaren bidez zeharka ere, ordezko bat bidali du. Bidegabeko gudan zerbitzatzeari uko egiten dion soldaduari txalo jotzen diote gerra eragiten duen gobernu bidegabea sostengatzeari uko egiten ez dioten horiek. Txalo-jotzaile horien jokabidea eta autoritatea arbuiatu eta gaitzesten du halako soldaduak. Emango luke estatua prest legokeela penitentzia egiteko, norbaiti ordaintzeko bera zigor dezan, bekatua egiten duen bitartean, ez ordea, une batez ere bekatu egiteari uzteko. Ordenuaren eta Gobernu Zibilaren izenpean, honela, behartzen gaituzte geure doilorkeria omentzera eta indartzera. Bekatuaren hasierako lotsa pasata, axolagabekeria dator. Morala ez zena amorala-edo bihurtzen da, nolabait esateko, ez oso alferrikakoa antolatu dugun bizimodurako.

Okerrik zabalduenari eta iraunkorrenari eusteko, bertuterik desinteresatuena behar da. Gizonik zintzoenek dute joerarik handiena erortzeko abertzaletasunaren bertuteari ikus dakiokeen akats txikian: gobernu baten joera eta neurriak gaitzesten dituzten bitartean, sostengu eta leialtasuna eskaintzen dizkioten horiek dira, dudarik gabe, haren sostengatzailerik kontzienteenak eta, sarritan ere, aldaketaren oztoporik handienak. Batzuek Batasuna desegiteko eskatzen diote Estatuari, presidentearen deialdiei muzin egiteko [14]. Zer dela eta ez dute beraiek desegiten Estatuarekin duten lotura eta haren ogasunari zerga ordaintzeari uko egiten? Estatuarekiko duten harremana, ez al da Estatuak berak Batasunarekiko duen berbera? Estatuak Batasunaren aurka ez jotzeko izan dituen arrazoiak, ez al dira beraiek Estatuaren kontra ez aritzeko izan dituzten berberak?

Nolatan ase daiteke gizon bat jakite hutsarekin eta, gainera, lasai ibili? Lasaituko al du bada bera kaltetzen ari direla jakite hutsak? Auzoak txanpon bakar bat bera ere lapurtzen badizu, ez zaitu asetzen jakiteak iruzur egin dizula, ezta dagokizuna ordaintzeko eskatzeak ere; haatik, berehala hartzen dituzu neurri eraginkorrak diru guztia berreskuratzeko eta ziurtatzeko berriz iruzur egiten ez dizutela. Printzipioetatik sorturiko ekintzak –justizia hautemateak eta gauzatzeak– egoerak eta harremanak aldatzen ditu; iraultzailea da mamian eta ez dator guztiz bat iraganeko ezerekin. Ez ditu soilik estatuak eta elizak banantzen, senitartekoak banantzen ditu, ai ene! gizabanakoa banantzen du, eta haren baitan deabruarena eta jainkoarena bereizten du.

Zuzengabeko legeak egon, badaude: obeditu besterik ez al dugu egin behar, ala zuzentzen saiatu? Zuzentzea lortzen dugun arte obeditu behar ditugu, ala besterik gabe hautsi? Hau bezalako gobernu baten agintepean, gizonek uste izaten dute itxaron egin behar dutela gehiengoa legea aldatzearen alde konbentzitu arte. Kontra eginez gero, konponbidea gaitza baino okerragoa izango litzatekeela uste dute. Haatik, Gobernuaren errua da konponbidea gaitza baino okerragoa bada. Hark bihurtzen du okerrago. Zer dela eta ez da Gobernua prestuago aldaketa igarri eta laguntzeko? Zer dela eta ez du gutxiengo jakintsua estimatzen? Zer dela eta egiten du negar eta borroka zauria jaso aurretik? Zer dela eta ez ditu herritarrak adi egotera bultzatzen, bere akatsez ohartarazteko, hobe beharrez? Zer dela eta iltzatzen du beti Kristo gurutzean, eta Lutero zein Koperniko eskomikatzen, eta Washington zein Franklin matxinotzat jotzen?

Pentsa dezake batek gobernuak kontuan hartu ez duen lege-hauste bakarra dela bere aginteari uko egitea apropos eta praktikan. Zer dela eta ez du, bestela, horretarako zigor irmo, egoki eta neurrikorik arautu? Ondasunik gabeko gizon batek, behin bada ere, uko egiten badio berak irabazitako bederatzi txelin Estatuari emateari, kartzelan sartzen dute, nik ezagututako inongo legek mugatzen ez duen epe baterako, soilik giltzaperatu dutenen erabakiaren menpe. Haatik, laurogeita hamar bider bederatzi txelin lapurtu badizkio Estatuari, berehala uzten dute libre.

Bidegabekeria gobernuaren makinak ezinbestean duen frikzioaren atal bat bada, hala bedi, hala bedi. Beharbada gastatu eta leunduko da; ziur makina erabat higatuko dela. Bidegabekeriak malguki, txirrika, soka edo eragingailu propioak baditu, pentsa dezakezu konponbidea gaitza baino okerragoa ez ote den izango. Baina, haren izaerak behartzen bazaitu beste baten kontrako bidegabekeriaren agentea izatera, orduan zera esango dizut: hauts ezazu legea. Zeure bizitza izan dadila makina gelditzeko kontra-frikzioa. Ziurtatu behar dut ez dudala edozein neurritan bultzatzen gaitzesten dudan okerra.

Gaitza konpontzeko Estatuak eskura jartzen dituen bideak erabiltzeari buruz, nik ez dut halako bideen berririk. Luzeegi jotzen dute eta gizon baten bizitza joango da tartean. Baditut beste zereginak ere. Ez nintzen mundu honetara sortu, nagusiki, mundua bizileku ona bihurtzeko, baizik eta, bertan bizitzeko, ona ala txarra izanda. Gizon batek ez du zertan dena egin behar, zerbait baizik. Eta dena egiterik ez badu, horrek ez dakar ezinbestean, zerbait oker egin behar duenik. Ez dut zertan ibili behar eskariak aurkezten Gobernadore edo Legebiltzarrari, ez, behintzat, hauek niri eskariak aurkezteko beharrik ez duten bitartean. Nire eskaerei entzungor egiten badiete, zer egin dezaket orduan? Irtenbiderik ez du utzi Estatuak halakoetan: Konstituzioa bera dugu gaitza. Esan dudanak eman dezake bortitz, kaskagogor eta liskarti; baina bihotz onez eta kontsiderazioz tratatzea da horrela merezi eta estimatzen duen izpiritu bakarra. Horrela gertatzen da onerako aldaketa guztietan: jaiotzak eta heriotzak legez, gorputza astindu egiten dute.

Ez dut zalantzarik honako hau esaterakoan: euren buruak abolizionista izendatzen dituzten horiek berehala eta eraginkortasunez kendu behar liokete sostengua Massachusettsko Gobernuari, pertsonez zein ondasunez, itxaron gabe gehiengo sinplea osatu eta nagusitzeko eskubidea eskuratu arte. Jainkoa euren alde badute, nahikoa dutela deritzot, beste inoren zain egoteko beharrik gabe. Are gehiago, aldamenekoa baino zuzenago dabilen edozein gizonak gehiengo sinplea osatzen du dagoeneko.

Ameriketako Gobernu hau, edo haren ordezkari Estatuko Gobernua, urtean behin –ez gehiagotan– topatzen dut aurrez-aurre, haren zerga biltzailearen pertsonan. Hori da gizartean ni bezala kokaturiko gizon batentzat Gobernuarekin halabeharrez topo egiteko modu bakarra. Orduan zera esaten dit, argi eta garbi: nire agintea onar ezazu. Harekin tratatzeko modurik sinpleena, eraginkorrena eta, egungo egoera dela-eta, ezinbestekoena, harenganako zein poz gutxi eta maitasun urria dituzun adierazteko, hura une horretan ukatzea da. Nire auzoa, zerga biltzailea, da tratatu behar dudan laguna, ez bainabil paperezko agiriekin borrokan baizik eta pertsonekin, eta hark bere borondatez gobernuaren agentea izatea aukeratu du. Nola jakingo du hark gobernuaren ofiziale gisa, edo gizon legez, zer den eta zer egiten duen, ni, errespetatzen duen bizilaguna, auzokide eta izaera oneko pertsona legez ala ero eta bazter-nahasle gisa tratatu behar ote nauen erabaki beharrean aurkitzen den arte. Ikusi beharko du orduan, bere jatortasuna kolokan jartzen duen arazoa gaindi ote dezakeen bere ekintzari dagozkion gogoeta edo hitz zakarrik gabe. Ondo dakit nik mila, ehun, hamar gizonek –hamar gizon prestuk soilik–, zera! gizon ONDRATU bakar batek, Massachusettsko Estatu honetan, esklaboak edukitzeari utzi eta bere konplizitatea hautsiko balu eta, honen ondorioz, konderriko kartzelan giltzapetuko balute, esklabotzaren azkena litzatekeela Ameriketan. Hasierak zein xumea dirudien ez du axola, behin zuzen egiten dena, betiko dago egina. Baina nahiago izaten dugu hitz egiten ibiltzea gure misioa deitzen dugun horretaz. Erreformak hamaika kazeta ditu bere alde lanean, baina gizon bat bera ere ez. Nire lagun estimatua eta Estatuaren ordezkaria [15], Kontseilu Ganbaran giza eskubideen arazoa konpondu nahian jo eta su dabilena, Karolinako espetxeekin mehatxatu beharrean, Massachusettsen preso balitz, hau da, bere senideari esklabotzaren bekatua leporatzeko horren prestu dabilen Estatu honetan bertan –nahiz eta egun abegikortasunaren aurkako ekintza bat baino ez duen ikusten haren kontra– Legebiltzarrak ez lioke gaiari erabat muzin egingo hurrengo neguan.

Inor bidegabeki giltzapetzen duen gobernu baten menpean, gizon zintzo bati dagokion tokia kartzela da. Leku egokia egun, Massachusettsek bere izpiritu askeen eta kementsuenentzako egun egokitu duen leku bakarra, kartzelatan da, han Estatuarengandik eta Estatu beraren eskutik apartatuak eta giltzapetuak izan daitezen, euren buruak dagoeneko jarri baitituzte aparte, printzipioak direla eta. Hor aurkitu beharko lituzke esklabo iheslariak, baldintzapeko askatasunean dabilen gatibu mexikarrak eta bere herriari eginiko kaltea salatzera datorren indioak, toki baztertu baina libreago eta ohoretsuago horretan, non Estatuak, alde beharrean, kontra dituenak sartzen dituen: esklaboak dituen Estatu batean gizon libre batek ohorez erabil dezakeen etxe bakar horretan. Norbaitek uste badu hor barruan haien indarra galdua legokeela eta haien ahotsek Estatuaren belarria jadanik atsekabetzerik izango ez luketela, hau da, pareta horien artean jadanik etsai izango ez zirela, horrek ez daki noraino den egia okerra baino indartsuagoa, ezta ere zein eraginkorrago eta indartsuago borroka dezakeen zuzengabekeria bere soinean apur bat jasan duenak. Eman ezazu boto osoa, ez soilik paper puska bat, zeure eragin osoa. Gutxiengoa indarge da gehiengoari men egiten dion bitartean. Gutxiengo bat ere ez da orduan. Geldiezina da, ordea, bere pisu guztiarekin traba egiten duenean. Aukera bada gizon zintzo guztiak kartzelan sartzea ala gerra eta esklabotza gelditzea, Estatuak ez du zalantzarik izango. Mila bat gizonek aurten zergak ez ordaintzea erabakiko balute, hori ez litzateke neurri bortitz eta odoltsua izango, bai, ordea, ordaintzea eta Estatua ahalbidetzea indarkeria erabiltzeko eta errugabeen odola isurtzeko. Hau da, izan ere, iraultza baketsuaren definizioa, halakorik posible bada, behintzat. Zerga biltzaileak edo beste edozein funtzionariok “zer egingo dut bada?” galdetzen badit, eta hala egin dit dagoeneko batek, nire erantzuna honako hau izango da: “benetan zerbait egin nahi baduzu, utzi kargua”. Menekoak leialtasunari uko egin dionean eta funtzionarioak kargua utzi duenean, orduan egina dago iraultza. Suposa ezazue, halere, odola isuri behar dela; ez al da odolik isurtzen moduren batean kontzientzia zauritzen denean? Zauri horretatik isurtzen dira gizon baten benetako gizatasuna eta hilezkortasuna, eta betiko hiltzeraino odolusten da. Odol jario hori dakusat orain.

Legea hautsi duenaren kartzelatzea ibili dut gogoan, haren ondasunen bahitzea barik, nahiz eta biek xede bera izan, zuzentasunik garbiena defendatzen dutenak, eta, beraz, Estatu ustel batentzat arriskutsuenak diren horiek ez direlako, normalean, asko ibili ondasunak biltzen. Horiei mesede gutxikoa zaie Estatua, besteekin alderatuta, eta zergarik txikiena ere neurrigabekoa iruditu behar zaie, batez ere eskuekin eginiko ezohiko lanaren bitartez ordaindu behar badute. Erabat dirurik gabe biziz gero, Estatuak berak ere zalantzan izango luke hari dirua eskatzea. Gizon aberatsa, berriz, konparazio bekaiztirik ez egitearren, bera aberasten duen erakundeari salduta dago beti. Absolutuki hitz eginez, zenbat eta diru gehiago, orduan eta bertute gutxiago. Dirua gizonaren eta haren gauzen artekaria baita, honek eskuratzen ditu gauzok harentzat; eta ez dago bertute handirik dirua eskuratzean. Diruak erantzun beharreko galdera asko isilarazten ditu, eta, aldiz, galdera bakarra sortzen du, erantzuten zaila baina azalekoa: zertan gastatu? Honen bidez, gizonak oinarri morala galtzen du. Bizitzeko aukerak murriztu egiten dira “erraztasunak” omen diren horiek handitzen diren heinean. Gizon batek, behin aberastutakoan, bere kulturaren alde egin dezakeen gauzarik hoberena da pobrea zenean zituen egitasmoak gauzatzen saiatzea. Jesu kristok Herodesen aldekoei haien izaeraren araberako erantzuna eman zien: “Erakuts iezadazue zerga-dirua”, esan zuen, eta batek, poltsikotik, txanpon bat atera zuen; erabiltzen baduzue Zesarren irudia daukan txanpona, hark balioztatu eta zirkulazioan jarritakoa, hau da, Estatuaren gizonak bazarete eta Zesarren gobernuaren abantailez pozik baliatzen bazarete, orduan, berea den horretatik zer edo zer itzultzeko eskatzen dizuenean: “Itzul iezaiozue, beraz, Zesarri Zesarrenak direnak eta Jainkoari Jainkoarenak direnak”. Nori zer zegokion jakin gabe utzi zituen, hasieran bezain ezjakin, haiek ez baitzuten jakin nahi.

Nire auzokide libreenekin solasean aritzen naizenean, aferaren garrantziaz zein larritasunaz eta lasaitasun publikoari dioten begiruneaz diotena diotela, kontua da, azken batean, ezin dutela bizi egungo Gobernuaren babesik gabe, eta desobedituz gero, euren familiak zein ondasunek jasango lituzketen ondorioen beldur direla. Nik, neure aldetik, ez nuke pentsatu nahi inoiz Estatuaren babesa ezinbestekoa zaidala. Zerga ordaintzeko eskatzen didanean, berriz, Estatuaren autoritateari muzin egiten badiot, laster asko bahitu eta alferrik galduko ditu nire ondasunak eta ni zein nire seme-alabak etengabe zigortuko gaitu horrela. Gogorra da hori. Gizon bati zintzoki eta aldi berean eroso bizitzea ezinezkoa egiten dio honek. Ondasunak pilatzeak ez du, beraz, merezi izango, berriz ere, galduko baitira. Lekuren bat alokatu edo okupatu behar duzu eta uzta txiki bat besterik ez hazi, eta hura berandu gabe jan. Zure baitan bizi behar duzu, eta zeure ahalmenez, maukak beti jasota eta prest hasteko, eta zeregin askorik gabe. Turkia batean ere badu gizon batek aberasterik, Turkiako Gobernuaren meneko zintzoa bada beti. Konfuziok esan zuen: “Estatua arrazoiaren printzipioen arabera gobernatzen bada, miseria eta pobrezia lotsagarriak dira; estatua ez bada arrazoiaren printzipioen arabera gobernatzen, aberastasunak eta ohoreak dira lotsagarriak” [16]. Ez: nire askatasuna galzorian dagoen urruneko hegoaldeko porturen batetik Massachusettsen babesa eskatzen dudan arte edota sorlekuan, etxaldea bakebidez eraikitzeari ekiten diodan bitartean, ordain dezaket Massachusettsi leialtasuna zein nire bizitza eta ondasunen gaineko eskubidea ukatzearen prezioa. Gutxiago kostatuko zait Estatuari desobeditzearen zigorra jasotzea, obeditzea baino, zentzu guztietan. Obeditzekotan, gutxiago balio dudala sentituko nuke.

Orain dela zenbait urte, Estatua etorri zitzaidan Elizaren izenean eta apaiz bati laguntzeko diru kopuru bat ordaintzeko agindu zidan; nire aita joaten zen haren peredikua entzutera, baina sekula ere ez neu. “Ordain ezazu”, esan zidan Estatuak, “edo kartzelan giltzapetua izango zara”. Uko egin nion ordaintzeari, baina, zoritxarrez, beste norbait agertu zen nire ordez ordaintzeko prest. Ezin nuen ulertu zer dela eta ordainarazi behar zaion maisuari apaiza laguntzeko eta ez, berriz, apaizari maisua laguntzeko; ni ez bainintzen Estatuko maisua, haatik, borondateko harpidetzaz sostengatzen nuen neure burua. Ezin nuen ulertu zer dela eta Lizeoak ezin zituen bere zergak luzatu, eta Estatua eskaera babesteko izan, Elizak bezala. Dena den, eta zinegotziek eskatu zidatelako, baieztapen hau paperean jartzea onartu nuen: “Idazki honen bitartez jakin dezatela guztiek, nik, Henry Thoreauk, ez dudala nahi inongo elkarteko kidetzat hartua izan, horretan izena eman ez badut”. Udal idazkariari eman nion idazkia; eta hark dauka gordeta. Eliza horren kidetzat hartua izan nahi ez dudanaren jakinaren gainean jarririk, ez dit Estatuak, harez geroztik, halako eskaerarik egin, hartan, aurretik zuen ustea aintzat hartu behar zuela adierazi bazidan ere. Nola izendatu jakin izan banu, izenik eman ez nien elkarte guztietatik izena kendu beharko nukeen orduan, banan bana, baina ez nekien zerrenda osoa non aurkitu.

Sei urteotan ez dut gizabanakoen gaineko zergarik [17] ordaindu. Hori dela eta, kartzelan sartu ninduten, behin, gau baterako. Metro erdi eta metro bat arteko harrizko paretei zein 30 zentimetroko zur eta burdinazko ateari eta argia iragazten zuen burdinsareari so nengoela, harritu egin ninduen erakunde haren zentzugabekeriak, zarratzeko haragi, odol eta hezurrak besterik ez banintz hartzen baininduen. Nire buruari galdetzen nion erabaki ote zuen hura zela ni enplegatzeko modurik hoberena eta ez ote zitzaion sekula bururatu nire zerbitzuez beste modu batean baliatzea. Ni eta nire hirikideen artean harresi bat baldin bazegoen, beste bat bazutela ikusi nuen, igo edota zeharkatzen zailagoa, haiek ni bezain libre izan aurretik. Ez nintzen inoiz preso sentitu eta paretak harrizko eta mortairuzko alferrikako gastu itzela iruditu zitzaizkidan. Zerga ordaindu zuen hiritar bakarra banintz legez sentitu nintzen. Ni nola tratatu ez zekiten, besterik gabe, eta heziketarik gabeko pertsonak bezala portatzen ziren. Mehatxu zein hitz gozo bakoitzarekin huts egiten zuten, nire desiorik handiena harresiaren bestaldean egotea zela uste baitzuten. Irribarrez ikusi nuen atea ixteko nolako lanak hartzen zituzten eta nire gogoetak inongo baimen eta oztoporik gabe irten zitezkeela haien atzetik; eta gogoetok ziren gauza arriskutsu bakarra. Ni heldu ezin nindutenez, nire gorputza zigortzea erabaki zuten; umeak bezalatsu, gorroto duten lagunari aurre egin ezin diotenean, haren txakurraren aurka jotzen dute. Estatua ergel xamarra zela ikusi nuen, bere zilarrezko koilaratxoekin arduratuta dabilen neskazaharra bezain izuti, lagunak eta etsaiak bereizi ezinik zebilela, eta gordetzen nion errespetu kondarra galdu nuen eta errukigarria egin zitzaidan.

Bistan denez, Estatuak, ez dio sekula nahita aurre egiten gizon baten senari, intelektual zein moralari, baizik eta, soilik, haren gorputzari, haren zentzumenei. Estatua ez dago adimen edo zuzentasun handiagoz horniturik. Bai, aldiz, indar fisiko handiagoz. Ez nintzen bortxatua izateko jaioa. Nire erara hartuko dut arnasa. Indartsuena zein den ikusiko dugu. Zer nolako indarra du jendetzak? Soilik behar nazakete nirea baino garaiago den lege baten esanetara daudenek. Haiek bezalakoa bihurtzera behartzen naute. Noiztik behartzen ditu jendetzak, bada, gizonak modu batean ala bestean bizitzera. Zer nolako bizimodua litzateke hori? “Dirua ala bizia” botatzen didan gobernu batekin topo egiterakoan, zer dela eta ibili beharko nintzateke dirua emateko irrikan? Estu eta larri dabil hura, beharbada, eta noraezean. Nik ez daukat laguntzerik. Berak lagundu beharko dio bere buruari, neuk egiten dudan bezala. Negarretan ibiltzeak ez du merezi. Ni ez naiz gizartearen makina ongi ibiltzearen arduraduna. Ez naiz ingeniariaren semea. Ezkurra eta gaztaina elkarren aldamenean erortzen direnean, ez da bata ernatu gabe gelditzen besteari lekua uztearren. Bakoitzak bere legeari jarraiki, ernatu, hazi eta ahal duen bezain eder loratzen dira, bestea, beharbada, itzalpetu eta suntsitzen duen arte. Landare batek ez badu bere izaeraren arabera bizitzerik, hil egiten da; baita gizona ere.

Kartzelan igaro nuen gaua aski berria eta interesgarria izan zen. Sartu nintzenean, presoak jakak erantzirik solasean ari ziren atarian, ilunabarreko giroaz gozatzen. Baina kartzelariak orduan, “tira mutilok, ixteko ordua da”, esan zuen. Presoak sakabanatu ziren eta haien urratsen hotsa gela hutsetara itzultzen entzun nuen. Kartzelariak gelakidea aurkeztu zidan: “tipo jatorra eta azkarra” zela esan zuen. Atea itxi zuenean, kapela zintzilikatzeko tokia erakutsi zidan, baita han moldatzeko modua ere. Hilean behin gelak karez margotzen zituzten. Gurea, behintzat, ezin zuriagoa zen, altzariz apalena eta, ziurrenik, hiriko gelarik txukunena. Nongoa nintzen eta nolatan giltzapetu ninduten jakin nahi zuen hark, noski. Kontatu nion, eta, nire txanda heldu zenean, nolatan kartzelatu zuten galdetu nion, gizon zintzoa zela suposatzen bainuen eta, egun ere, hala zela uste dut. “Borda bat erretzea leporatu didate”, esan zidan, “baina nik ez dut halakorik egin”. Argitu ahal izan nuenez, ziurrenera mozkorturik sartuko zen bordan lotara, eta bertan pipa erretzen hasi ..., eta horrela kiskaliko zen borda. Gizon argia zela zioen jendeak, epaiketaren zain hiru hilabete inguru pasata zituen han, eta beste horrenbeste itxaron beharko zuen. Eroso eta zoriontsu samar zegoen, ordea, ostatua doan zeukalako eta ongi artatzen zutela uste zuelako.

Leiho batean jarri zen eta ni bestean, eta kartzelan luze egonez gero, zeregin nagusia leihotik begira egotea litzatekeela ikusi nuen. Berehala irakurri nituen han utzitako idazki guztiak, eta preso ohiek nondik egin izan zuten ihes aztertu zuen, eta barrote bat non zerratu zuten, eta gela hartan egondako hainbaten berri entzun nuen. Hemen ere, historia eta istorioak bazirela aurkitu nuen, espetxearen harresietatik at sekula igarotzen ez direnak. Hau da, ziurrenik, hiriko etxe bakarra non bertsoak idazten diren, ondoren barnean ibiltzeko paperean, baina sekula ez argitaratzeko. Bertsopaper luze bat erakutsi zidaten, gazte batzuk jarritako koplak: ihesaldi batean harrapatu zituzten eta bertsook abestuta hartzen zuten mendekua.

Ahal bezain beste kontakizun atera nizkion kartzela-kideari, berriz ikusiko ez nuelakoan, baina, azkenean, nire ohea zein zen erakutsi zidan, eta argia amatatzera joateko utzi ninduen.

Gaua han etzanda igarotzea herri urrun baten barrena bidaiatzea bezalakoa izan zen, sekula ikustea espero ez nuen moduko herrian. Hiriko erlojuaren kanpaia ordura arte entzun gabe neukala iruditu zitzaidan, ez eta kaleko gaueko zaratak ere; leihoak irekirik egin genuen lo, burdinsarearen barnealdean baitzeuden. Nire jaioterria Erdi Aroaren argitan ikustea bezalakoa izan zen, gure Concord Rhin ibaia bihurtua, eta zaldun zein gazteluak irudikatu nituen. Betiko hiritarren ahotsak ziren, ordea, kaleetan aditzen nituenak. Aldameneko ostatuaren sukaldean egiten zein esaten zenaren ikus-entzule nintzen, nahigabe, bai bizipen berri eta bitxia niretzat. Nire jaioterriaren hurbilagoko ikuspegia zen. Haren barne-barnean nengoen. Hango erakundeak ikusi gabe nituen ordura arte. Herriko erakunde berezietako bat da kartzela, eskualde-burua baita. Hango biztanleak zertan ari ziren ulertzen hasi nintzen.

Goizean, ateko zulotik sartu zizkiguten gosariak, neurrian eginiko latorrizko ontzi karratu luzanga txikietan: barruan litro erdi txokolate, ogi beltza eta burdinazko koilara bat. Ontziak bueltan eskatu zituztenean, sobratutako ogia itzultzekotan izan nintzen, inozo halako! Lagunak hartu eta hura bazkarirako edo afarirako gorde behar nuela esan zidan. Luze gabe, inguruko zelai batean segan aritzeko utzi zuten kanporatzen, egunero bezala, eguerdian itzultzeko. Agurra luzatu zidan, ni berriz ikusiko ote ninduen zalantza zuela esanez.

Askatu nindutenean, norbait tartean sartu eta zerga ordaindu baitzuen, ez nuen egunerokoan aldaketa handirik sumatu, gazte sartu eta buruzuri eta agure ateratzen denak ez bezala. Eta hala ere, nire irudiko, aldaketa handia gertatua zen hirian, Estatuan eta herrialdean, denbora hutsak sor dezakeena baino handiagoa. Are argiago ikusten nuen bizilekutzat nuen Estatua. Inguratzen ninduen jendea, auzo on edota adiskidetzat noraino nuen hartzerik ikusi nuen; haien adiskidetasuna jaiegunetarakoa soilik zela, zuzen jokatzeko asmo handirik ez zutela; nigandik berezitutako arraza ziren, haien aurreiritziak eta sineskeriak direla-eta, txinatarrak edo malaysiarrak bezala. Gizateriari egiten dioten sakrifiziotan arriskurik ez dutela, ondasunentzat sikiera ere; azken finean, horren noble ez zirela, lapurrak egindakoa lapurrari egiten baitzioten eta arimak salbatzea espero zuten kanpora begirako keinu batzuen eta otoitz bakan batzuen bidez zein noizean behin bide zuzen baina alferrikako batetik ibiltzearen bitartez. Auzoak gogor epaitzea izan daiteke hau, beharbada, uste baitut horietako asko ez direla jabetu ere egin euren herrian kartzela bezalako erakunde bat dutenaz.

Ohitura zen antzina gure hirian, zordun gizagaixoren bat kartzelatik ateratzean, ezagunek hatzak gurutzatzea, espetxe leihoko burdinsarea irudikatzen, eta hatzetatik zeharka begiratuta agurtzea: “ze mouz?”. Nire herrikideek, ordea, ez ninduten horrela agurtu. Lehenbizi niri eta gero elkarri begiratzen zioten, bidaia luze batetik bueltan banentor bezala. Zapatariari konpontzeko utzitako oinetako baten bila nindoalarik atxilotu ninduten. Hurrengo goizean askatu nindutenean, mandatua bukatzera abiatu nintzen, eta, konponduriko zapata jantzita, ahabiak biltzera joatekoa zen talde batekin elkartu nintzen; nire gidaritzapean jartzeko irrikan ziren. Ordu erdi batean, zaldia azkar prestatu baitzuten, ahabi-soro baten erdian ginen, geure mendixka altuenetako batean, hiritik hiru kilometrora. Estatua ikusterik ez zegoen orduan inon.

Hauek dira Nire kartzelak, kontakizun osoa [18].

Ez diot errepide-zerga ordaintzeari sekula uko egin, meneko txarra bezain auzo ona izan nahi baitut. Eskolak sostengatzeko eta aberkideak hezteko dagokidana egiten ari naiz. Ez diot uko egiten zerga ordaintzeari zerga-agiriko atal zehatz batengatik. Estatuari leialtasuna ukatu nahi diot, besterik gabe, eta harengandik aldendu eta zinez libre bizi. Ez da nire ardura nire dolarra nora doan jarraitzea, jarraitzerik ahal banu ere, harik eta inori tiro egiteko fusila edo gizona erosten duen arte. Dolarra errugabea da, baina nire leialtasunaren ondorioen jarraipena egitea bada nire ardura. Izan ere, lasai deklaratzen diot gerra Estatuari, nire erara, hura ahal dudan bezala erabiltzen eta harengandik ahal adina abantaila ateratzen jarraituko badut ere, halakoetan ohikoa denez.

Beste batzuek niri eskaturiko zerga ordaintzen badute, Estatua maite dutelako, dagoeneko euren kasuan eginikoa berretsi besterik ez dute egingo, edo hobeto esateko, Estatuak eskatu baino harago lagunduko dute bidegabekeria. Zerga ordaintzen badute zergapeturiko gizabanakoarenganako kezka erratuak bultzatuta, haren ondasuna salbatzeko, edota kartzelatzea saihesteko, alegia, hala egingo dute ongi hausnartu ez dutelako sentimendu pribatuek ongizate publikoa noraino kaltetzen duten.

Hona, beraz, nire jarrera gaur. Halakoetan ezin duzu erneegi ibili, ordea, nahikeriak edota jendearen iritziekiko begirune desegokiak zeure ekinbidea baldintza ez dezaten. Ziurta ezazu zure buruarekin eta unearekin bat datorrena egiten ari zarela soilik.

Batzuetan pentsatzen dut, hara! jende horrek asmo zuzenak ditu, ezjakinak besterik ez dira; nola jokatu jakinez gero, zuzenago ibiliko ziren. Orduan, zer dela eta bultzatu behar ditut nire auzoak ni tratatzera berez egingo ez luketen bezala? Berriz pentsatuz gero, ordea, hori ez da arrazoia nik haiek bezala jokatzeko, ez eta bidea emateko beste inork beste motako kalte handiago bat paira dezan. Berriro, zera esaten diot, batzuetan, neure buruari: hainbat milioi gizonek, sutu gabe, gaizkinahirik gabe, inongo sentipen pertsonalik gabe, txelin bakan batzuk eskatzen dizkizutenean, aukera eman gabe, euren konstituzioa dela-eta, eskaera atzera botatzeko edo aldatzeko eta zeure aldetik aukerarik izan gabe beste milioika gizoni laguntza eskatzeko, zer dela eta jarri beharko zenuke zeure burua indar basati ikaragarri horren pean? Ez diezu horren setati kontra egiten hotzari eta goseari, haizeei eta uhinei. Halako mila halabehar lasai asko onartzen dituzu. Ez duzu zeure burua sutara botatzen. Beste indar hura, ordea, indar basatia izateaz gain giza indarra ere badela iruditzen zait, eta uste dut baditudala harremanak milioika gizon horiekin, eta beste milioika gizonekin ere, eta ez soilik piztiekin eta bizigabeko gauzekin eta, horrexegatik, erreklamatzerik badagoela iruditzen zait, lehen-lehenik eta berehala haiek euren Sortzaileari, eta bigarrenik euren buruei. Burua apropos botatzen badut sutara, ordea, suari edo suaren sortzaileari erreklamatzerik ez dudala iruditzen zait, eta neu naiz errudun bakarra. Nire burua konbentzitzerik banu eskubidea dudala gizonen egungo izaerarekin pozik izateko eta haiek horren arabera tratatzeko eta ez, hainbat alorretan, haiekiko eta neure buruarekiko ditudan nahia eta itxaropenen arabera, orduan, musulman eta fatalista prestuak legez, egoerarekin kontentatzen saiatu eta jainkoaren nahia dela esan beharko nuke. Beste ezeren gainetik, indarkeria horri edo indar basati edo natural bati aurre egiterakoan dagoen aldea honakoa da: lehenari aurre egiterik badudala hein handi batean, baina ezin dut espero, harri, zuhaitz eta piztien izaera aldatzea, Orfeok [19] aldatzen zituen bezala.

Ez dut inongo gizon edo naziorekin ika-mikatan ibili nahi. Ez dut txikikeriatan ibili nahi, bereizketa sotilak egiten edota neure burua auzoen gainetik jarri. Haatik, herrialdearen legeen menpean jartzeko aitzakia baten bila nabilela esan dezaket. Horien menpean jartzeko prestuegi ere banago. Are gehiago, hori dela eta neure burua susmagarritzat jotzeko arrazoirik badut; urtero, zerga-biltzailea hurbiltzen zaidanean, gobernu orokorra eta Estatuko gobernuaren ekintzak eta jarrera zein herriaren izpiritua berriz aztertzeko prest aurkitzen dut neure burua, men egiteko aitzakia bat aurkitzearren.

Gurasoak adina maite behar dugu herria;

eta, sekula ere, gure maitasun edo ekintzak

hari ohore egitetik urruntzen baditugu,

ondorioak onartu behar ditugu eta arimari irakatsi

kontzientziaren eta erlijioaren ikasgaia,

ez eta aginte edo etekin nahia [20]

Estatuak aurki lan hori guztia eskuetatik kenduko didala uste dut, eta orduan ez naiz nire herrikideak baino abertzaleagoa izango. Ikuspuntu baxuago batetik ikusita, Konstituzioa, dituen akats guztiak izanda ere, oso ona da; legeak eta auzitegiak errespetagarriak ditugu oso; Estatu hau eta Ameriketako gobernu hau ere, hein handi batean, gauza miresgarri eta bitxiak ditugu oso; eskertzeko modukoak, askotxok deskribatu dituzten bezala. Baina ikuspuntu zertxobait garaiago batetik ikusita, nik deskribatu bezalakoak dira, eta ikuspuntu are garaiagotik, eta garaienetik, ikusita, nork esango luke zer diren, edota merezi ote duten aztertzea edo gogoan ibiltzea ere?

Dena dela, ez nau gobernuak asko kezkatzen, eta ahal bezain gutxi ibiliko dut hura gogoan. Gobernuaren pean bizi ditudan uneak ez dira asko, mundu honetan ere. Gizon bat pentsaera askekoa, irudimen librekoa, bada, ez dena ez bazaio luzaroan badela iruditzen, ez dute inoiz gelditzerik izango agintari edo erreformatzaile okerrek.

Badakit gizon gehienek nik ez bezala pentsatzen dutela; baina gai hau edo antzekoak aztertzea lanbide dutenek beste inork bezain gutxi konbentzitzen naute. Estatu-gizonei eta legegileei, erakundeen baitan erabat murgilduta egonik, ezinezkoa zaie hura argi eta garbi ikustea. Gizartea mugiarazteaz mintzo dira, baina handik at ez dute aterperik. Baliteke eskarmentu eta adimen handiko gizonak izatea, eta zalantzarik gabe sistema burutsuak eta erabilgarriak ere asmatu izan dituzte. Eskerrak ematen dizkiegu, bihotzez, horien guztiengatik. Baina gizon horien agudezia eta balioa oso zabalak ez diren mugen artean daude. Joera dute ahazteko mundua ez dutela politikak eta komenigarritasunak gobernatzen. Websterrek [21] ez du sekula gobernuaren atzetik dagoena ikusi, eta hori dela-eta, ez du hartaz autoritatez mintzatzerik. Haren hitzak jakinduriaz beterikoak dira soilik dagoen gobernuan funtsezko aldaketa beharrik ikusten ez duten legegileentzat. Pentsalariarentzat, eta betiko legeak sortzen dituztenentzat, berriz, hark ez dio inoiz gaiaren funtsari heldu. Ezagutzen ditut gai hauei buruzko espekulazio bare eta argien bidez luze gabe Websterren adimenaren eta ahalmenaren mugak agerian utziko lituzketenak. Halere, erreformatzaile gehienen jardun merkeekin parekatuz gero, eta, oro har, politikarien jakintasun eta hitz-jario are merkeagoekin, Websterrenak ditugu hitz zuhur eta baliotsu bakarrak, eta eskerrak ematen dizkiogu Zeruari harengatik. Alderatuz gero, hura beti da indartsua, originala eta, batez ere, praktikoa. Halere, haren bereizgarria ez da jakintasuna, zuhurtzia baizik. Legegilearen egia ez da Egia, baizik eta koherentzia, edota komenientzia koherentea. Egia beti dator bat bere buruarekin, eta ez da nagusiki kezkatzen argitzeaz zer justizia izan daitekeen koherente oker jokatzearekin. Konstituzioaren Defendatzaile izena ongi merezi du hark, eta hala esan diote. Ukabilkadarik jotzen badu, defentsarako izango da. Ez da aitzindaria, jarraitzailea baizik. Haren aitzindariak 87ko gizonak [22] dira. “Ez naiz sekula saiatu”, dio, “ezta saiatuko ere, ez dut inoiz saiorik babestu, ezta babestuko ere, Estatuak Batasunera ekarri zituen jatorrizko akordioa nahasteko”. Konstituzioak esklabotza legeztatzen duela gogoan duelarik, zera dio: “Jatorrizko itunaren atal bat denez, gorde dezagun”. Zorroztasun eta gaitasun berezia izan arren, ez da gai datu bat bere testuinguru politikotik ateratzeko eta adimenaren aurrean biluzik datzala aztertzeko: esaterako, egungo Amerika honetan gizon bati nola dagokion jokatzea, esklabotza dela eta. Hori egin beharrean, absolutuki eta gizabanako gisa mintzo dela adierazten badu ere, funsgabeko erantzuna ematera ausartzen da, edo horretara bultzatzen dute –eta, horretatik, zer nolako betebehar kode berria atera daiteke gizarterako? “Esklabotza nola arautu behar den”, dio, “hura ametitzen duten Estatuetako Gobernuen kontua da, boto-emaileen aurrean, jabegoaren, gizatasunaren eta zuzentasunaren lege orokorren aurrean eta Jainkoaren aitzinean erantzule direlarik. Gizatasun sentipenak edota beste edozein arrazoik bultzatuta beste inon sorturiko elkarteek ez dute horretan zeresanik. Niregandik ez dute inongo sostengurik jaso, ezta jasoko ere”.

Egiaren iturbegi garbiagorik ezagutzen ez duten horiek, haren isuria gorago bilatu ez dutenek, alegia, Biblia eta Konstituzioan gelditu dira, zuhurki gelditu ere, eta errespetuz zein apaltasunez, handik edaten dute; baina ur xirripa aintzira honetara edo putzu hartara nondik heltzen den ikusten dutenek, kemena bildu eta erromesaldia jarraitzen dute iturbegirantz.

Ameriketan ez da legegintzarako jeinuz jantziriko gizonik agertu. Urri dira munduaren historian. Badira milaka hizlari, politikari eta hitz ederreko gizon; baina gaur egungo arazo gatazkatsuak konpontzeko gai den mintzalari batek ere ez du oraindik ahoa zabaldu. Elokuentzia elokuentziarengatik maite dugu eta ez, adieraz dezakeen egiagatik edota susta dezakeen heroitasunagatik. Gure legegileek ez dute oraindik ikasi librekanbioa eta askatasuna, batasuna eta zuzentasuna zein baliotsuak diren nazio batentzat. Ez dute jeinu edota talenturik konparazioz apalak diren gaientzako: zerga eta finantzarako, merkataritzarako, industria eta nekazaritzarako. Kongresuko legegileen mintzatzeko trebetasuna izango balitz gure gidaritza bakarra, eta herriaren eskarmentu egokiaren eta kexu eraginkorrek zuzenduko ez balute, Amerikak ez lioke luzaroan eutsiko nazioen artean duen postuari. Orain dela mila eta zortziehun urte idatzi zuten Testamendu Berria, beharbada esateko eskubiderik ez badut ere; non da, ordea, legegintzaren zientziarako isurtzen duen argiaz baliatzeko behar adinako jakituria eta trebetasun praktikoa duen legegilea?

Neure burua Gobernuaren autoritatearen menpean jartzeko irrikan naiz, nik baino gehiago dakiten eta trebeago diren horiek gogotsu obedituko baititut, eta, gauza askotan, hainbeste ez dakiten edo horren iaio ez diren beste horiek ere bai. Autoritate hori, ordea, ez da garbia oraindik: guztiz zuzena izateko, gobernatuen baimena eta onarpena behar du. Nire pertsona eta ondasunen gain ezin du hark inongo eskubiderik izan, nik emandakoaz aparte. Monarkia absolututik mugatura dagoen aurrerapena, eta monarkia mugatutik demokraziara, gizabanakoarekiko zinezko errespeturantz eginiko aurrerapena da. Filosofo txinatarra ere behar bezain jakintsua izan zen gizabanakoa inperioaren oinarritzat hartzeko. Demokrazia al da, ezagutzen dugun moduko demokrazia, alegia, gobernugintzan egin daitekeen azken hobekuntza? Ezin al da giza eskubideen ezagupen zein antolaketarantz beste aurrerapausorik egin? Estatu zinez aske eta ilustraturik ez da izango harik eta Estatuak gizabanakoa indar garaiagotzat eta independentetzat onartzen eta gizabanakoarengandik indar eta autoritate oro datozkiola ametitzen eta horren arabera tratatzen duen arte. Plazer hartzen dut irudikatzen azkenean gizon guztiekiko zuzen izaten lortuko lukeen Estatua, gizabanakoa auzo gisa, begirunez, tratatuko duena; bere lasaitasunaren kontrakotzat hartuko ez lukeena gizon bakan batzuk harengandik aparte, harekin nahastu gabe, haren baitatik at bizitzea, betiere, auzoen eta hurkoen betebehar guztiak konplituko zituzketen gizonak. Halako fruiturik eman eta heldu ahala erortzen utziko zukeen Estatuak bidea prestatuko zion Estatu are perfektuago eta bikainago bati. Azken hau ere imajinatu dut, baina ez dut inon ikusi oraindik.

Patxi Hipolito editore librea (1966-2010)

Patxi Hipolito Potxo Edizioak argitaletxeko sortzailea hil da. Hari zor dizkiogu, besteak beste, Lope Agirrekoren Carta a Felipe II (1997- 2002), Luis Duranen Barco Pirata (1997) eta Algebra (2007) komikiak, Pernan Goñiren Aingeru Baltza komikia (1998), Jon Aiastui autorearen Nongo Nor olerkiak (1999), Angel Mosquitoren Villa Tesei komikia (2000) eta Zura bandaren Ilargi handi, zauri zarae disko-liburua, Meta diskoetxearekin batera (2005). Lan honetan, 1936ko Gerran desagertutako Federico García Lorca, Lauaxeta eta Nikolas Lekuona omendu nahi izan ziren, beren poemak eta irudiak bilduz. Henry David Thoreauren Desobedientzia zibila argitaratu zuen 2010eko otsailean, eta Urbieta kaleko borroka komikia, J. J. Pi sortzailearena, urte berean.

Berriako kazetari Jon Eskisabelek berriketan.info gizarte sarean idatzi duenez [23], "bizpahiru alditan baino ez nuen hitz egin berarekin, baina nabari zen kulturgintzak bizi zuela".

Link: Desobedientzia Zibila

- Gehiago ikusteko

(2010eko abenduaren 22)


Ver en línea : Desobedientzia Zibila


[1Markos Zapiain idazle eta filosofoa da (Irun, Gipuzkoa, 1963). Besteak beste, artikulu bildumak argitaratu ditu -Errua eta Maitasuna (2002)- zein saiakerak -Zenbait Terrorista (2003), Ia guztiaren funtsaz (2006), Txillardegi eta ziminoa (2007)-. Paperean argitaratu duen azken lana Talatik tiroka da (2009).

- Blog bat erabiltzen du bere TESTUAK plazaratzeko:

Bizkaiko bertsolarien finala , 2010/12/21

Gezurtia bikotekide , 2010/12/14

Bake prozesu berriaren ezaugarri batzuk , 2010/11/23

Chen Wei Yih-ren gorazarrez , 2010/11/03

Hautsaren jatorri tamalgarria , 2010/11/02

Leturiaren egunkari ezkutua eta Egunero hasten delako , 2010/10/28

Esperma perilos , 2010/10/27

Kako eskean , 2010/10/27

Zerrendak goitik behera , 2010/10/19

Porrotxen bibotea , 2010/10/14

...

[2- Thoreauren lan hau 1849. urtean argitaratu zuten lehen aldiz, ‘Aesthetic Papers’ aldizkarian, eta izenburua honakoa zen: ‘Resistance to Civil Government’. Bigarren argitalpena 1866. urtekoa da (Thoreau hil eta lau urtera), liburu formatuan, Thoreauren beste lan batzuekin. Titulua: CIVIL DISOBEDIENCE. Azken hau aukeratu dugu edizio honetarako, ohikoena delako gaur, eta sinpleena (Itzultzailearen oharra).

[3Ameriketako Estatu Batuen eta Mexikoren arteko guda 1846. urtean hasi zen eta 1848an amaitu zen. Testu hau argitaratu aurretik Thoreauk hitzaldi gisa plazaratu zuen, 1848ko urtarrilaren 26an, hau da, gerra amaitu baino astebete inguru lehenago. Dena den, gerraren arrazoietako bat esklaboak izan zitzaketen lurraldeak zabaltzeko nahia izan zen.

[4Charles Wolf (1791-1823) poetaren ‘Burial of Sir John Moore at Corunna’ elegiako lehen bertsoak.

[5Shakespeare, ‘Hamlet’, 5. aktoa, 2. eszena, 236-37. bertsoak.

[6Shakespeare, ‘King John’, 5. aktoa, 2. eszena, 78-82 bertsoak.

[7Ameriketako Iraultza, edo Independentzia Gerra, 1775. urtean hasi zen, Lexington eta Concordeko batailekin.

[8William Paley (1743-1805). Filosofo ingelesa. Besteak beste, ‘The principles of Moral and Political Philosophy’ idatzi zuen. Lan hori aipatzen du Thoreauk.

[9San Mateo, 10:39

[10Cyril Tourneur (1975?-1626), ‘The revenger’s tragedy’.

[11Korintoarrei lehen Gutuna’, 5:6

[12The Independent Order of the Odd Fellows, logia bat zen, XVII. mendean Ingalaterran sorturikoa. AEBetan zabaldu zen, 1819. urtetik. Karitate lanetan aritzen ziren.

[13Erromako gazteek adinez nagusi bihurtzerakoan (14 eta 18 urte artean) janzten zuten soinekoa, toga virilis edo toga alba (toga zuria) deiturikoa.

[14Esklabotza debekatzearen aldeko mugimenduko muturrekoenek Estatu esklabistekiko lotura deuseztatzeko eskatzen zuten. William Lloyd Garrison (1805-1879) zen American Anti-Slavery Society elkarteko burua. AEBetako konstituzioak esklabotza legeztatzen zuela-eta, hura erretzera deitu zuen. Hala egin zuen berak jendaurrean.

[15Samuel Hoar (1778-1856) abokatuaz ari da Thoreau. Massachusettsko Estatuak Charlestonera bidali zuen (Hego Karolina, estatu esklabista) protesta egitera, 1844ean. Izan ere, hegoaldeko
portu horretan Massachusettsko marinel beltzak atxilotzen zituzten, legez kanpokotzat zutelako beltz askeak Hego Karolinan sartzea. Isuna ordaindu ezean, esklabo gisa saltzen zituzten. Hoar
Estatutik egotzi zuten.

[16Konfuzio, ‘Analektak’, VIII. liburua, XIII. atala.

[17Poll Tax zergaz ari da egilea. XIX. mendera arte, herrialde askotan zerga zuzen mota arruntena zen. Hiritar bakoitzak kopuru finkoa ordaindu behar zion estatuari, zenbat diru irabazten zuen kontuan hartu gabe.

[18Le mie prigioni’ (1832) Silvio Pellicoren lanaren aipamen ironikoa. Pellico nazionalista italiarra izan zen, Carbonari taldekoa, eta zortzi urte eman zituen espetxean. Haren kartzeletako memoriak
asko irakurri ziren 1840ko hamarkadan.

[19Greziako mitologian, poeten eta musikarien burua zen Orfeo. Musika eta kantuaren bidez, txoriak, arrainak eta basapiztiak lilura zitzakeen, zuhaitzak zein harkaitzak dantzan jarri eta ibaien ibilbidea aldatu.

[20George Peele, ‘The Battle of Alcazar’ (1594).

[21Daniel Webster (1782-1852), Massachusettsko Senatuko kidea. Esklabotza abolitzearen aldeko muturrekoen zein sezesionisten kontra mintzatu zen.

[22Ameriketako Estatu Batuetako Konstituzioa idazteko Konbentzioa 1787. urtean egin zuten, Philadelphian.

[23Patxi Hipolito hil da. Ez nuen asko ezagutu, bizpahiru alditan baino ez nuen hitz egin berarekin, baina nabari zen kulturgintzak bizi zuela. Oñatiko Gaztelekuko kultur teknikaria izan zen hainbat urtez, eta edizio alternatiboak bultzatu zituen Potxo Edizioak argitaletxearen bidez. Bere ekimenez kaleratu zuen Zurak lehen diskoa. Azken argitalpena Thoreauren ”Desobedientzia zibila” izan zen, Edu Lartzanguren lankideak itzulia.

Jon Eskisabel

berriketan.info.