Accueil > Convocatorias > Ekainak 11, Arrasaten : AHTren Aurkako Manifestazio Nazionala - “Tenemos (...)

AHT Gelditu ! Elkarlanak, 31 mayo 2011

Ekainak 11, Arrasaten : AHTren Aurkako Manifestazio Nazionala - “Tenemos argumentos para parar un tren, AHT gelditzera goaz !”

mercredi 1er juin 2011, par Redacción

AHT Gelditu ! Elkarlanak, AHTaren aurkako talde eta erakundeen koordinadorak, datorren Ekainaren 11rako manifestazio nazionala antolatu du Arrasaten “tenemos argumentos para parar un tren, AHT gelditzera goaz !” lemapean. Manifestazio honen helburua AHTaren aurka dauden sektore sozial anitzen bilgunea izatea da : azpiegitura honen obrak gelditzearen, gizarteari erabakitzeko eskubidea itzultzearen eta, gaur egungo garraio eta lurralde antolaketa ereduaren inguruan eztabaida sozial zabal bat irekitzearen alde dauden sektore guztiak mobilizatzea.

Ihazko udan, diru faltaren ondorioz EAEn AHTaren obrek izan zuten geldialdiaren ondoren, gaur egun zenbait zatitan lanean dabiltza berriz, baina azpimarratzekoa da, lanek erritmo izugarri motela dutela. Gainera, “euskal Y” deiturikoaren zenbait zatitan ez dira obrak hasi, hiriburuetako sarrerak ez dira definitu eta ofizialki obrak inauguratu dituzten zati batzuetan, ez dira obrak hasi. Bestetik, adierazgarria da ere, azpiegitura honen obrak eragin dituzten salaketak, ingurumenaren aurkako ustezko delituengatik salaketak (Iurretako Orozketa auzoan), obren zarata dela eta auzokideen salaketak, aurrikusi gabeko sarraskien salaketak (Aramaioko bidearen asua), uraren harrapaketa irregularragatik salaketak, ...

Nafarroako egoera bestelakoa da : obrak hasi gabe daude, eta Nafarroako Gobernuak dioenez uda honetan hastekoak dira. Horretarako, Castejon-Zuasti zatiko desjabetzak hasi dituzte, uda honetan obrak hasteko asmoz. Zentzu honetan zera salatu nahi dugu : lurjabe gehienek eta udalek ez dutela proiektuaren egoera ezagutzen, defentsagabezia larri bat sortuz ; izan ere, ez dezagun ahaztu informazio falta proiektu honen ezaugarrietariko bat dela. Bestetik, gogoratu nahi dugu, nola Sustrai Fundazioak Entzutegi Nazionalean Castejon-Zuasti zatiko DIA-ren kaduzidadea salatu zuela, hori dela eta, obra legalki hasteko Nafarroako Gobernuak DIA berri bat egin beharko luke.

Iparraldeko egoerari dagokionez, esan beharra dago, berriz ere LGV proiektuaren finantziazioaren inguruko eztabaida berpiztu dela ; gogoratu dezagun gai honek eztabaida sutsua piztu zuela udal eta herritarrengan. Azpiegitura hau gainera, gaur egun, oraindik zehatz definitu gabe dago.
Bestalde, AHT Gelditu Elkarlanetik gutun bat helarazi diegu Aralar, Bildu, NaBai eta Ezkerrari beraiekin AHTaren aurkako borrokaren inguruan ausnarketa batzuk konpartitzeko asmoz. Gutun horrek zera dio hitzez-hitz :

AHTa ez da ingurugiroaren aurkako eraso bat soilik, iada ezaguna denez gizarte eredu jakin baten tresna bat ere bada. Azpiegitura hau eraikitzeko eta ondoren mantentzeko beharrezkoa den diru publikoak, lurralde antolaketan duen eragina larriak, bere izaera elitista eta esklusiboak, nekazaritzan eta nekazal guneetan duen eraginak, eta deslokalizazio industrialari ematen dion bultzadak, gizartearen interesen aurkako proiektu bat bihurtzen dute.

Bada hamarkada bat makroproiektu hau gelditzeko borroka abian jarri zela, eta hamarkada guzti honetan AHTaren aurkako borrokak momentu ezberdinak jasan ditu. Azpimarragarria da, nola bere egunean AHTaren aurkako mugimenduak sentsibilidade ezberdinetako jendea bildu zuen, mobilizazio dinamikak eta AHTaren inpaktuen sentsibilizazioaren inguruko lan izugarria eginez azpiegitura honen erabilgarritasuna zalantzan jartzen zuen eztabaida soziala lehen mailan ezartzea lortu zuen arte. Gaur egun, “euskal Y” deiturikoaren obrak iada hasita daudenean, ukaezina da AHTaren aurkako borrokak, faktore asko direla medio, intentsitatea murriztu duela eta zentralidade politikoa galdu duela. Hori dela eta, borroka honi bere balioa emateko asmotan ; proeiktuak berak duen garrantziagatik, AHTaren eraikuntza lanen hedaduragatik eta ekonomia neoliberal berri baten sinbolo gisa duen garrantzia dela eta, zuengana zuzentzen gara ausnarketa gisa gai zehatz batzuk plantetzeko :

1. AHTak politika sozial eta ingurumenean dakartzan ondorioak oso larriak izan arren, proiektua gelditzearen aldeko borroka bigarren plano batean gelditu dela uste dugu. Beharrezkoa da gai honen inguruko eztabaida sozialari dagokion neurria berrezartzea. Oraindik aukera dugu AHTaren erabilgarritasunaren inguruko eztabaida berpizteko, berau gelditzeko aurrepausu gisa. Krisi ekonomikoa eta erakuntza lanek duten atzerapena alde batera utzita, Espainiar Estatuak ez du etsi azpiegitura honen inposaketan, eztabaida eta parte hartze soziala ukatuaz. Horregaitik, AHTaren gaia berriz ere aktualitate politikora bueltatzeko deia luzatzen dizuegu.

2. AHTaren aurkako indarrak eta sektore desberdinak biltzeko baldintza sozial eta ekonomikoak ematen direla uste dugu. Proiektu honekn dakartzan ondorio kalte sozial eta ekologikoen mailako erantzuna behar du. Indarrak batzeko garaia da. Gure herrian AHTaren aurkako gehiengo sozial bat badago, gehiengo hori aktibatzeko gai izan behar dugu gizartearen hitza eta erabakia errespatatuak izan daitezen.

Azkenik, Arrasaten egingo den ekainaren 11ko manifestazioa konbokatzeko arrazoiak azalduko ditugu :

AHTak suposatzen duen diru xahuketa salatu nahi dugu. AHTa ekonomia publikoentzako hipoteka bat da. Azken urteetako azpiegitura politiken ondorioz gastu publikoaren igoera neurrigabekoa izan da, gainera hauek ez dute inolako onura ekonomiko ezta sozialik ekarri, eta horrela aitortu zuen Jose Blanco Ministroak iaz azpiegitura publikoen politika sostengaezina zela esatean. AHTa eraikitzeko xahutzen diran baliabide publiko guztiak direla eta, ondorio larriak sortu dira sektore publikoan : osasun zerbitzuen kalitatea gutxitzea eta murrizketak hezkuntza eta zerbitzu sozietan. Nola defenda daiteke gure eskubide sozialak bermatzeko dirurik ez dagoela, aldi berean AHTaren eraikuntza lanetak milaka milioi gastatzen dituztenean ? Enpresari bakan batzuen aberasteko nahiari eta obra honen politika sustatzailei esker, hauen interes pribatuek ongizate publikoaren gain lehentasuna dute, gizartearen prekarizazioa eta mailaketa larrituz.

AHTaren obretan ari diren langileek dituzten lan baldintza negargarriak ere salatu nahi ditugu. Iada 4 pertsona hil dira obretan, 10 ordu baino gehiagoko lan orduak eta lan istripuen prebentziorako neurririk eza gailentzen dira. Administrazioak laneko segurtasuna faltaren eta lan istripuen aurrean begiak ixten ditu. AHTari loturiko lanpostuen sortzea, aberastasuna eta ongizatea gezurra besterik ez dira. Gaur egun espainiar estatua abiadura handiko km. gehien duen estatua izan arren, langabezi tasa altuenak dituena da, eta are gehiago, Europa mailan hazkuntza ekonomikorako aukera gutxien dituen estatua ere bada. Argi dago guzti honetan ondo ez dabilen zerbait dagoela ...

Gure lurraldea suntsitzen ari dela salatu nahi dugu. AHTak naturgune eta ekosistemen txikitzea dakar, milaka lur hektareen okupazioa dakar, eta nola ez, honekin batera, nekazal eta abeltzantza jardueren desagertzea. Horregatik, lurjabeak, baserritarrak, udalak eta kaltetutako herriak gure lurraldea eta gure bizimodua defendatzera deitzen ditugu. AHTa lurraldearen antolakuntza orekatuaren hondamena da, izan ere, erdibidean dauden herri eta eskualdeak izango baitira, nekazal guneekin batera, obra izugarri honen ingurumenaren gaineko eragina jasango dutenak.

AHTa inposatu diguten eredu sozioekonomikoaren ondorio zuzena da, interes ekonomiko pribatuak ditugun baliabide natural mugatuen gainetik ezartzen dituen eredu neoliberalaren ondorio zuzena. Baina AHTa ez da gizarte honek sufritzen duen gatazka sozioekologiko bakarra, badaude gizartearen interesen aurka eta ekologikoki sostengarriak ez diren beste proiektu batzuk gure inguruan  : Boroako zentral termikoa, Muskizko Coke planta, Garoñako zentral nuklearra, Supersur-a, Gues-Itxaso tentsio altuko linea elektrikoa, Castejon-go zentral termikoak, Zubietako erraustegia, Jaizkibel-ko superportua ... eta ezin ditugu alde batera utzi azpiegitura hau egiteko ezinbestekoak izango diren harrobiak (Mañariko Markomin-Goikoa, Abadiñako Atx-Txiki, Foruko Peña-Forua, Udalaitz, Mutrikuko Olatz harrobia, Debako Sasiola, Cantera de Magna-ren Zilbeti ...). Guztiek dute jatorri berbera : interes ekonomiko pribatuak ; guztiek dute prozedura berdina : inposizioa ; eta guztiek dute ondorio berbera : hondamendi sozial eta ekologikoa.

Amaitzeko, gure lurraldea defendatzeko deialdia luzatzen dugu, bere egunean Lemoiz gelditu zen, mobilizazio sozialak Nafarroako tentsio altuko linea elektrikoak birplanteatzea lortu zuen, epaitegiek behin baino gehiagotan Castejon-go zentral termikoen legezkanpokotasuna aldarrikatu badute, gaur egun Pasaiako superportuak inoiz baino zailtasun gehiago baditu, zergaitik ez da posible izango AHTa gelditzea ?

Tenemos argumentos para parar un tren, AHT gelditzera goaz !

AHT Gelditu ! Elkarlana

ahtgelditu@ahtgelditu.org

(1 de junio de 2011)